Heldu da euskararen aldeko lasterketa erraldoia, heldu da Korrikaren 23. aldia. Martxoaren 14ko arratsaldean hasiko da Irunen, eta hamaika egunez eta hamar gauez Euskal Herria gurutzatu ondotik, Baionan bukatuko da martxoaren 24an, 12:30ean. Bertan irakurriko dute lekukoaren barreneko mezua, eta ondotik besta izanen da Baionan. Harro herri da aurtengo leloa, eta «konplexuak gainetik» kentzeko deia egin dute, baita «euskararen herria» mugitzekoa ere.
Hain zuzen, mugimenduan ariko da Korrika, Irundik Baionara. Bukaerara ailegatu aitzinetik kilometro mordoxka eginen ditu Korrikak, eta hiru aldiz eginen du sartu-atera eskualdean. Ateri eta biharamunean, martxoaren 15ean, ortziralean, Nafarroa Beheretik, Baigorrin barna Izpegin sartuko da lekukoa. 226. kilometroa izanen da Baztango lehenengoa, 13:16 aldean Izpegiko lepoan. Erratzu, Arizkun, Elbete, Elizondo eta Irurita gurutzatu, eta Baztanen 37 kilometro egin ondotik, 17:05 aldean Artesiagan utziko du eskualdea Korrikak.
Hurrengo egunetan Nafarroan eta Araban ibili ondotik, martxoaren 19an, asteartean Leitzan izanen da Korrika. 1.284. kilometroan sartuko da Leitzako lurretan, 16:05 aldean. Leitzako herrigunea gurutzatuta, Goizueta alderako bidea hartuko du. 18:38an ailegatuko da Goizuetara, eta handik Hernanira aldera eginen du. Denera 39 kilometro osatuko ditu eskualdean eta 20:10 aldean sartuko da Gipuzkoara. Tartean, bi herrietako herritarrez gain, aresoarrek eta aranoarrek ere hartuko dute lekukoa, bertzeak bertze.
Bortzirietara, aldiz, martxoaren 24ko goizaldean ailegatuko da Oiartzundik barrena. 2.675. kilometroan sartuko da Korrika Nafarroara, Aritxulegi parean, 01:43 aldean. Handik Lesakara 03:25 aldean ailegatuko da. Bera gurutzatu ondotik, Lizuniagan barna Xaretarako bidea hartuko du, eta 04:45ean sartuko da Lapurdira. Bortzirietako tartean aranztarrek, etxalartarrek eta igantziarrek ere hartuko dute lekukoa eskuetan. Xaretan 21 kilometro osatuko ditu Sara eta Senpere artean, eta goizaldean, 06:59ean Senpere utzi eta Baionarako bidea segituko du lasterketak.
Kultura sustatuz
Korrika ez da lasterketa hutsa, euskara kultur arloan sustatzeko helburua ere baitu, eta horren barrenean, aitzineko egunetan hainbat kultur ekintza izanen dira eskualdean. Horietako batzuk egin dituzte jada, baina, heldu den egunetan ere eginen dituzte bertze hainbat. Horien artean, bakarrizketak, pailazoen emanaldiak, antzerkiak, bertso afariak, kontzertuak... izanen dira herriz herri. Kultur ekitaldien eta Korrika Ttikien berri Erran.eus atarian aurkituko duzue. Gainera, Arantzan eginen dute aurten Korrika nagusiaren prestaketa, martxoaren 10ean, KorrikArantza izenpean. 6 kilometro inguruko ibilbidea osatuko dute eta aranztarrek eramanen dute lekukoa eskuz esku.
Azterketak Euskaraz omendua
Korrikaren balioekin bat egin, eta euskararen alde egindako lana aitortzen dio edizio oro AEK norbanakoren edo elkarteren bateri, eta 23. aldian Azterketak Euskaraz kolektiboak hartu du aitortza hori. Seaskako ikasleek, gurasoek, irakasleek eta bertze hainbat kidek osatzen dute kolektiboa eta aldarrikapen argia du: Seaskako ikasleek Frantziako hezkuntza sistemak ezartzen dizkien azterketa euskaraz egiteko eskubidea izatea.
Urtarrilaren 25ean egin zioten omenaldia kolektiboari, Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan egindako ekitaldian. Bertan izan ziren Seaskako eta Korrikako ordezkariak, eta baita Azterketa Euskaraz kolektiboari buruzko Oihaletxea dokumentala sortu duten Lander Garro zinegilea ere. Dokumentalean kolektiboak egindako borroka bildu dute, bertako hainbat kideren testigantzak jasoz. Telebistan eman ondotik, Youtuben ikusten ahal da.
Gaur egun, oraindik ere Seaskako ikasleek arazoak dituzte Frantziako Gobernuak ezartzen dituen azterketa ofizialak osoki euskaraz egiteko. Seaskako irakasle Laida Mugikak azaldu duenez, «ikastolan 3 urtetan hasten direnetik baxoko edo brebetako momentura arte dena euskaraz egiten dute, eta ez da normala ondotik azterketak frantsesez egin behar izatea».
Kolegioa bukatzen dutenean ikasle denek egiten duten azterketa da brebeta, eta duela gutxi arte osoki euskaraz egiteko aukera zuten ikasleek. «Matematikako euskaraz egiten zuten, eta baita historia eta geografiakoa ere», azaldu du Mugikak. 2017ko hezkuntza erreforman, ordea, zientzietako azterketa bat gehitu zioten horri. «Lehen urtean hutsune bat izan eta euskaraz zuzendu zituzten, baina, geroztik frantses zuzentzaileek zuzenduak izan dira. Iaz lortu genuen euskaraz zuzentzea». Aurtengorako, trabak izanen direla aurreikusi dute: «Orain erran digute azterketetako galderak frantsesez izanen direla berdintasunaren izenean. Aurrera pauso bat eta atzera beste bat», laburbildu du.
Baxoan, zailago
Are gordinagoa da lizeoa bukatzean egiten dute baxoa azterketaren egoera, hor ere aldaketak izan baitira denboraren joanean, eta ez onerako denak. «Duela 20 bat urte historia eta geografia azterketak euskaraz egiten zituzten ikasleek, eta 2012tik baita matematika ere». 2020an gobernuak egindako erreformak, ordea, aldatu egin du egoera: «Gaur egun kontrol jarraitua dute, hau da kontuan hartzen dituzte urte osoan ikastetxean egiten dituzten azterketak, eta ondotik bukaerako frogak filosofian eta bi berezitasunetan izaten dituzte, eta ahozko bat ere izaten dute». Eta hor dago arazoaren funtsa, azaldu duenez: «Matematika eta historia berezitasun dituen ikasle batek orain azterketak frantsesez egin behar ditu, eta hori atzerapauso bat da, lehen euskaraz egiten zituelako. Eta bertze ikasgai batzuetan zuzenean ezin izan dute inoiz azterketa euskaraz egin». Horren aitzinean, eskaera argia dute: «Guk galdetzen duguna da guttienez berezitasun bat euskaraz egitea eta ahozko handian, prestatu behar dituzten bi gaietako zati bat behintzat euskaraz izan dadila».
Urtero borroka eginagatik, gaur gaurkoz egoerari buelta ematen zail ikusten duela onartu du: «Baxoarena bereziki aski zaila da, azterketa biziki inportantea baita, eta momentuz ez dugu erantzun baikor handirik ukan». Frantziako Gobernuaren jarrera deitoratu du: «Parisen auziaz hitz egiten dugularik Bordelek kudeatzen duela erraten digute, eta Bordeleko errektoretzan Parisera bidaltzen gaituzte». Hala ere, baikor da: «Esperantza badugu, bestela ez ginateke borrokatuko».
«Emaitza onak»
Zailtasunak zailtasun, eta azterketa frantsesez egin arren, ikasleek «emaitza onak» lortzen dituztela dio Mugikak. Emaitza horiek, lortzeko, ordea, Seaskako ikasleek lan gehiago egin behar izaten dute: «Kurtso osoa euskaraz egiten dugu, ikasleek badute hiztegi berezi bat, ohitura batzuk... eta gero azterketan frantsesez egiteak estresa eragiten die». Emaitzaz harago, ikasleei azterketak frantsesez egiteak eragiten dien ezinegona nabarmendu du: «Injustizia sentimendu bat izaten dute, ez dute ulertzen dena euskaraz ikasi dutenek zergatik azterketak egin behar dituzten frantsesez, euskararen kontrako mespretxua sentitzen dute».
Korrikak egindako aitortzarekin «kontent» dira kolektibokoak: «Inportantea da Korrika bezalako ekimen batek gu kontuan hartzea gure borroka Euskal Herrira hedatzeko, borroka ezagutzeko eta Euskal Herriko sostengu hori sentitzeko». Omenaldiaren oroitzapen polita du: «Biziki polita izan zen eta dokumentalean ongi biltzen da zertan den borroka, ikasleen sentimenduak…». Eta orain lana egitea egokitzen zaie. «Ikasle batzuk berriki Parisen izan dira diputatu batzuk eskaturik azalpenak ematen. Eta azterketak hurbildu ahala hasiko gara ekintzak egiten gu entzunarazteko».