Bella Esparza saria hartu du Ados pilota elkarteko Maite Ruiz de Larramendik

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 8a, 11:30
Maite Ruiz de Larramendi sariduna, Ados pilota elkarteko bertze pilotariekin eta pilota eskolako neskekin eta gurasoekin.

Nafarroako Pilota Federazioak lehen aldiz eman du sari hau, Natividad Bella Esparza erraketistaren omenez

Nafarroako Pilota Federazioko emakumeen batzordeak pilota sustatzen duten emakumeei aitortza egin asmoz, lehen aldiz Bella Esparza saria eman du. Hain zuzen, Natividad Bella Esparza erraketista gogoratu nahi izan dute sari honekin eta lehen sariduna, Ados pilota elkarteko sustatzaile eta bultzatzaile izan den Maite Ruiz de Larramendi pilotariari eman diote. Berekin batera Ados pilota elkartean ari diren pilotariak (tartean Irantzu Etxebeste Iantzi beratarra, Iera Agirre Iturriaga eta Goiuri Zabaleta Rodriguez leitzarra edo Naroa Elizalde Etxekolonea zubietarra) eta Ados pilota eskolako neska gazteak eta hauen gurasoak izan ziren ekitaldian, Ruiz de Larramendiri babesa ematen, baita Abel Barriola Leitzako pilotari profesional ohia ere.

43 urtez pilotan aritu den eta pilota sustatu duen emakumeak esker onez hartu zuen saria eta «sari honi esker, Nati Bella Esparza erreferentea izanen da emakume pilotarientzat» adierazi zuen. Entrenatzen dituen neska guztiek pilotarekin duen pasioa transmititzen saiatu dela ere aipatu zuen.

Ados pilota elkarteko pilotariak, Maite Ruiz de Larramendi sariduna eta Abel Barriola Leitzako pilotari profesional ohia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun