Martxoak 8 (2024)

Martxoaren 8aren harira Nafarroako landa eremuko emakumeen garrantzia azpimarratu du EHNEk

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 7a, 14:30

EHNEren erabaki organoetan emakumearen presentzia paritarioa izan dadin lan eginen dute.

«Martxoaren 8an emakumeez gogoratzen gara». Hala dio EHNE Nafarroa sindikatuak zabaldu duen oharrak eta, aldi berean mahai gainean jarri nahi dute Nafarroako landa eremuko emakumearen papera.

Iazko urtearen amaieran, Nafarroako Gobernuak adierazi zuen Landa Eremuko Emakumeen Estatutuaren Dekretua etorkizunean onartzeko lanean ari zela, «landa ingurunean tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa aplikatzen eta gauzatzen aurrera egiteko». 2024ko foru lege eta dekretuen bilduman agertzen da aipatutako estatutua.

2019an onartu zen Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea, eta 28. artikuluan landa-eremuko emakumeen ahalduntzeaz hitz egiten da. Honela dio hitzez hitz:

  1. Nafarroako Gobernuak genero-ikuspegia txertatuko du landa garapeneko jarduketetan, eta bermatuko du esku-hartze horiek jaso ditzatela emakumeen beharrak; bidera dezatela emakumeek ekitatez parte hartu ahal izatea, osotasunez, landa garapeneko prozesuetan, eta ekarpena egin dezatela emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasun erreala lortzeko.
  2. Nafarroako Foru Administrazioak zaindu beharko du emakumeek erabakiak hartzea despopulazioaren aurka borrokatzeko neurri gisa, landa ingurunean duten presentzia eskasa eta eremu horretako pobretzea direla eta; zehazki, honako hau egin behar du:

a) Indartu behar du enplegua sortzen duten jardueren garapena, eta landa inguruneko emakumeak lan eremuan sartzea errazten duten eta ingurune horren populazio galtzea saihesten laguntzen duten jardueren garapena.

b) Landa inguruneko emakumeek prestakuntza hartzeko modua izan dezaten erraztea.

c) Generoko eta lurraldeko arrakala digitala deuseztatzen laguntzea, landa inguruneko emakumeek informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako sarbidea izatea errazten eta bultzatzen duten tresnekin.

d) Zaintzea landa inguruneko emakumeen parte-hartze sozial osoa lor dadin, eta enpresen eta elkarteen zuzendaritza organoetan osoko parte-hartzea izan dezaten.

e) Emakumeek eta gizonek nekazaritza ustiategietan titularkideak izan daitezen sustatzea.

f) Sustatzea emakumeek eta gizonek ordezkaritza parekidea izan dezatela nekazaritza erakundeen erabakitze organoetan.

g) Sentsibilizazio ekintzak sustatzea, landa-eremuko emakumeen lana ikusgai egiteko aukera ematen dutenak.

h) Behar diren neurriak ezartzea landa eremuko desberdintasunak lantzeko.

i) Emakumeen ekarpenak bultzatzea, klima aldaketaren arloan.

 

  1. Gainera, nekazaritza-, abeltzaintza edo basogintza politiketan eta nekazaritzako elikagaien arlokoetan honako hauek egin beharko dira:

a) Emakumeek eremu horietan dituzten jakintza tradizionalen transmisioa sustatzea, eta aitortzea eta ikusgarri egitea familia-ustiategien mantentzerako egiten duen ekarpena.

b) Hurbiltasuneko sareak eta gizarte zerbitzuen sareak sustatzea, haurrei, zaharrei eta mendetasuna duten pertsonei laguntzeko, landa-inguruneko emakumeen eta gizonen laneko eta familiako bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko.

c) Emakume ekintzaileen enpresa ekimenak eta emakumeek sustatutako nekazaritza edo abeltzaintza-garapeneko jarduerak bultzatzea.

d) Erraztasunak ematea emakume gazteak nekazaritza, abeltzaintza edo basogintza sektoreetan eta nekazaritzako elikagaien sektorean sar daitezen.

 

Harrezkero hainbat mugarri izan dira.

2020an, Nafarroako Parlamentuak gibelera bota zuen, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Eren kontrako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko babesarekin, Nafarroako Landa Eremuko Emakumeen Estatutuaren Foru Legearen proposamena aintzat hartzea.

Bi urte geroago, 2022ko urriaren 15ean, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunean, Berdintasun Teknikaria duten Toki eta Lurralde Entitateek manifestu bat bultzatu zuten, «Nafarroako landa-desafioa feminista izango da edo ez da izango» goiburupean, eta emakumeek, aniztasun osoan, landa-eremuko Nafarroako lurraldeen iraunkortasunari egiten dioten ekarpena eta egitekoa aitortu zuten, ingurune horrek bilakaeraren, garapenaren eta aurrerapenaren eredu izaten jarrai dezan, bai esparru ekonomikoan, bai gure landa-herrietako eta -eremuetako gizarte- eta kultura-esparruan.

Gaur egun, landa-eremuko emakumeen estatutu bat dago Euskadin, baita Gaztela-Mantxan ere. Nafarroako EHNEk espero du «aurten onartu nahi den Landa Eremuko Emakumeen Estatutuan zehaztuko direla Nafarroako Berdintasun Legearen 28. artikuluan agertzen diren aditzak: indartu, sustatu, erraztu, bultzatu, ezarri, lagundu...».

Nekazarien sindikatu gisa, Estatutuaren idazketan parte hartuko du, eta EHNEren hurrengo Kongresuari begira (hemendik urte eta erdira eginen da), «gure erabaki-organoetan emakumearen presentzia paritarioa izan dadin lan egingo dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun