Oiartzun, Lesaka, Bera, Sara eta Urruña lotuko ditu Mugaldeko udalekuak

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 6a, 14:00
Martxoaren 29an bukatuko da Mugaldeko Udalekuan izena emateko epea.

2009-2010 urteetan jaiotakoei zuzendua, uztailaren 15etik 20ra eginen dute eta martxoaren 29ra arte eman daiteke izena

Mugaldeko udalekua, gaztetxoentzako udaleku ibiltari berriak Oiartzun, Lesaka, Bera, Sara eta Urruña lotuko ditu. Udaleku berri honetan parte hartzeko baldintza da Bortzirietan, Oiartzunen, Saran edota Urruñan erroldatua egotea eta 2009-2010 urteetan jaioa izatea. Horrez gain, beharrezkoa da euskaraz jakitea.

Udalekua Oiartzunen hasiko da, uztailaren 15ean, 10:00etan. Egunez egun Urruñara arteko ibilbidea osatuko dute, herriz herri zenbait jarduera eginez. Uztailaren 20an bukatuko da udalekua, Urruñan, egun osoko egitarauaren ondotik, 18:00etan.

Izen ematea online egin behar da eta horretarako epea martxoaren 29ra artekoa izanen da. Toki kopuru mugatua izanen da eta gehienez ere 40 gaztek parte hartuko ahalko dute.

Udalekuaren prezioa 120 eurokoa da. Familiek apirilean jakinen dute izen ematea onartua izan den. Antolatzailea haiekin harremanean jarriko da ordainketa bideratzeko eta behar den dokumentazioa eskatzeko. Udalekua aitzinera ateratzeko guttienez 15 izen emate beharko dira.

Jarduera honen xede nagusia muga administratiboak gainditzea da, eta helburu zehatzak honakoak dira:

  • Iparraldeko eta hegoaldeko gazteen arteko harremanak eraiki eta sendotzea.
  • Euskara eta euskalkiak ezagutu eta praktikatzea.
  • Parte hartzea bultzatzea.
  • Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzea natura, kultura eta kirola ardatz hartuaz.

Udalekuaren antolatzailea Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea da eta honako erakundeon babesa dauka: Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Oiartzungo Udala, Sarako Herriko Etxea, Urruñako Herriko Etxea.

Informazio zehatza eta izen ematea: https://ttipi.eus/mugaldeko-udalekua-aurkezpena

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun