Zaldibian ostiralean jokatutako jaialdiko promozio mailako txapelketako partidan, Aranburuk eta Arrastiak 22-20 irabazi zieten Oskozi eta Sotilen ordez aritu zen Gomezi. Lehen mailako partidan, berriz, Irantzu Etxebeste beratarra aritu zen Aldaregiaren ordez eta Olatz Ruiz de Larramendirekin batera, 19-22 galdu zuen Arrietaren eta Mujikaren kontra.
Larunbatean Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatu zen jardunaldian, promozio mailan, Oskozek eta Sotilek 22-13 irabazi zieten Galeanori eta Perezi. Lehen mailari dagokionez, bezperakoa partida berdindua izan bazen, Durangokoa oraindik parekatuagoa izan zen. Galtzen hasi ondotik, Iera Agirre Iturriaga leitzarrak eta Orbegozok markagailua iraultzea lortu zuten eta 22-21 irabazi zieten Ruiz de Infanteri eta Galeanori.
Beasainen, azkenik, lehen mailako bi partida jokatu zituzten igandean. Lehenbizikoa ezin orekatuagoa izan da. Naroa Elizalde Etxekolonea zubietarrak eta Mendiburuk agindu zuten hasieran, baina azkenera buelta eman zuten Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Zabalak, 22-21 irabazteko. Bigarren partidan, Ruiz de Infantek eta Galeanok 22-17 irabazi diete Arrietari eta Mujikari.