Nafarroako Antzoki Sareak Sendaberri, Paisaia eszeniko berriak 2024 programa aurkeztu zuen ortzegun goizean; hots, erakundearen beraren programa, Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Kirol Departamentuarekin elkarlanean diseinatua. Horren helburu nagusia da Sareko espazio eszenikoen ohiko programazioa aberastea eta osatzea, parte hartzen duten herriei bide horretan lagunduz; hots, sorkuntza-ildo garaikideago horretan lan egiten duten edo gai sozialagoak lantzen dituzten konpainiei. Eskualdean, Bera eta Lesakako kultur etxeetara eta Leitzako herri aretora ailegatuko dira emanaldiak.
ESKUALDEKO EMANALDIAK
LEITZA
Akira Yoshida & Lali Ayguadéren Together to get there dantza emanaldia, apirilaren 14an, igandean 19:00etan Leitzako herri aretoan.
BERA eta LEITZA
Yarleku teatro taldearen 104. haurra, haurrei eta familiei zuzendutako ikuskizuna, haurren esplotazioa, identitateak, elkar babestearen garrantzia eta egoera zailei aurre egiteko sormenaren balioa agertzen dituen lana da. Beran, irailaren 21ean, larunbatean 17:00etan Berako kultur etxean eta Leitzan, irailaren 30ean, astelehenean 11:00etan ikusgai izanen da herri aretoan.
BERA
Logela Multimedia konpainiaren Anbotoko Mari lana, antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika konbinatzen dituen antzezlan multimedia da. Urriaren 13an ikusgai izanen da Berako kultur etxean, igandean 17:00etan.
LESAKA
La banda Teatro Circo konpainiaren Yûgen zirku garaikide emanaldia, gaur egungo gizartearen hormei buruzko hausnarketa. Azaroaren 9an, larunbatean 19:00etan ikusgai izanen da Harriondoa kultur etxean.