Lezoko Xoxolur mendi klubak antolatutako Lezo-Jaizkibel mendi lasterketaren hamargarren edizioa jokatu zen igandean. Hamalau kilometroko lasterketa burutu zuten 333 korrikalarien artean bizkorrena Ander Iñarra lezotarra izan zen (1.0606). Hodei Lujanbio goizuetarra bigarren izan zen (1.08.37) eta Mattin Odriozola Ibarguren oiartzuarra hirugarren (1.10.15).
Emakumeen artean, Ainhoa Sanz urretxuarra izan zen bizkorrena (1.17.57), Errenteriako Leire Fernandez bigarren (1.19.13) eta Larraitz Etxebeste oiartzuarra hirugarren (1.26.03). Mayi Arriola lesakarra izan zen eskualdeko emakume bakarra proban eta 33. postuan helmugaratu zen (1.59.17).
Gizonezkoetan, aipatzekoa da Mattin Gonzalez lesakarraren zortzigarren postua ere (1.13.02). Aitor Aizkorbe goizuetarra 23. postuan helmugaratu zen (1.18.02) eta Beti Gazteko Mikel Arriola eta Juan Mari Indakoetxea lesakarrak denbora berean (1.23.57) elkarrekin helmugaratu ziren 48. eta 49. postuan. Imanol Baraibar aresoarra 95. izan zen (1.30.56) eta Sunbillako Aner Etxart 231. (1.50.48).