Aseguru etxeekin hobeki moldatzeko hainbat aholku eman ditu Irache kontsumitzaileen elkarteak

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 24a, 11:30

Aseguru etxeekin dituzten harremanetan kontsumitzaileendako lagungarri izanen delakoan, Nafarroako Kontsumitzaileen Irache Elkarteak gida bat argitaratu du ohiko zalantza batzuk argitzeko. Eska daitezkeen kalte ordainen zenbatekoak, konpainiaz  aldatzeko segitu beharreko prozedura edo kobratzeko epeak dira, bertzeak bertze, kontsultarik ohikoenak. Hona hemen horietako batzuk galdera-erantzun modura azalduak.

Aseguru bat kontratatzerakoan sortzen diren zalantzak

Aseguruaren baldintzak idatziz jasotzeko eskubidea dut?

Bai, aseguruen kontratuak idatziz formalizatu behar dira, eta konpainiak nahitaez entregatu behar du poliza. Hala ere Irachek jakitera eman duenez, «aunitzek diote asegurua kontratatu zutenean ez zietela ezer idatziz eman».

Nola aldatuko dut konpainiaz?

Kontratatu nahi dudan poliza berria aukeratu ondotik, oraingo aseguruaren indarraldia ziurtatu behar dut, eta epea agortu baino hilabete bat lehenago, gutienez, idatziz jakinarazi beharko diet eurekin dudan poliza utzi nahi dudala. Konparaziora, nire aseguruaren baliozkotasuna ekainaren 1ean bukatzen bada, beranduenez maiatzaren 1ean jakinarazi beharko diet ez dudala hurrengo urtean eurekin segitu nahi. Aldi berean, aseguru berria sinatu beharko dut, aitzinekoa amaitzen den egunetik aurrera.

Prezio igo edo baldintzak aldatzen ahal dizkidate?

Aseguru konpainiak polizaren baldintzetan sartuko den edozein aldaketa jakinarazi behar du, prezioaren edozein garestitze barne, indarraldia bete baino bi hilabete lehenago. Hala egiten ez badute, hurrengo urtean prima bera kobratzen jegitu beharko dute, betiere polizan jasotako eguneratzeekin, baina bestelako aldaketarik gabe.

 

Zer egin behar dut ezbehar bat izan ondotik

Badut eperik aseguruari ezbeharraren berri emateko?

Bai, gehienez ere zazpi eguneko epean aseguruari ezbeharraren berri eman behar diot, polizak berak epe luzeagoa ezartzen ez badu behintzat. Denbora gehiago pasatzen bada abisatu baino lehen, aseguru etxeak kaltea erreklamatu ahal izanen du atzerapen horrek eragindako kalteengatik.

Konpondu ditzaket kalteak aseguruak niri ordaindu baino lehen?

Ez da komenigarria konpainiako peritua bertaratu eta kalteak baloratu baino lehen deus egitea. Txosten horretatik aitzinera, aseguru etxeak kalte-ordainen proposamen arrazoitua egin beharko du.

 

Asegurua zenbat eta noiz ordaindu behar duen

Ezbeharren bat izanez gero, aseguruak kalte guztiak ordaindu behar ditu?

Polizak zehazten duenaren arabera izanen da hori. Hori bai, ezbehar klase horrendako polizak estaltzen dituen kalteak ordaintzera behartuta dago konpainia, baina «hitzartutako mugen barnean». Zehazki zein kalte-ordainetarako eskubidea dudan jakiteko, polizara jo behar dut eta begiratu ezbeharra estalduraren barnean sartuta dagoen, baztertuta dagoen edo mugarik dagoen ikusi. Beraz, nire etxeko aseguruak hiru mila euro arteko kalteak estaltzen baditu eta konponketak bost mila euro kostatuko bazaizkit, gainerako bi mila euroak nire poltsikotik ordaindu beharko ditut. Nolanahi ere, aseguruaren bazterketak eta mugak tipografikoki nabarmendu behar dira kontratuan.

Aseguruak diru guti eskaintzen dit. Ezin dut deus egin?

Garrantzitsua da aseguru etxeari eskatzea idatziz bidal dezala kalte-ordainaren proposamena justifikatzen duen txostena. Hortik aitzinera, ados ez banago, nire peritu-txostena enkargatu dezaket, eta txosten hori nire poltsikotik ordaindu beharko dut. Bi perituak ados jartzen ez badira, hirugarren bat izendatu ahal izanen dute.

Zenbat itxaron behar dut aseguru etxeak ordaintzeko?

Konpainiak kalte-ordaina ordaindu beharko du kaltea ebaluatzeko beharrezko peritazioak edo ikerketak egin dituenean. Konpainiak ezbeharraren berri izan zuenetik berrogei egun baino gehiago igaro badira, «konpainiak zor duenaren gutxieneko zenbatekoa» ordaindu beharko luke. Ezbeharra gertatu eta hiru hilabeteko epean egiten ez badu edo kalte-ordainaren ordainketa betetzen ez badu, berandutza-egoeran dagoela ulertuko da, eta, beraz, ordaindu beharreko zenbatekoa handitzen joanen da.

Istripu baten ondotik

Autoa konponduko didaten tailerra aukeratu dezaket edo aseguruak dioen tailerrera joan behar dut?

Nik aukeratu dezaket tailerra, polizan berariaz onartzen ez badut autoa tailer jakin batzuetara eramatera behartzen duen klausularen bat. Hala ez bada, kontsumitzaileak nahi duen tailerrera eraman dezake autoa, eta konpainiari jakinarazi, hark peritu bati bidal diezaion eta kalteak eta horren ondoriozko kalte-ordainak balora ditzan. Hala ere, konpainia batzuk saiatzen dira bezeroak euren komenientziako tailerretara joan daitezen, aseguru etxeak baldintza ekonomiko edo konponketa-baldintza jakin batzuk hitzartuta dituen tailerrak direlako.

Bertze auto batek jotzen banau, zergatik negoziatu behar dut nire aseguruarekin kalte-ordaina?

Hasiera batean, bertze autoaren aseguruak ordaindu beharko lizuke. Hala ere, kalte materialetarako legeak aitortutako aseguru etxeen arteko hitzarmen batzuk daude, eta, batzuetan, nahasmena areagotu dezakete. Horien arabera, kalteen erantzule den autoaren konpainiak modulu jakin bat ordaintzen dio kolpatua izan den autoaren konpainiari. Moduluaren zenbatekoa berbera da, edozein dela istripuaren kaltea. Hortik aitzinera, ibilgailuaren jabeak bere konpainiarekin negoziatzen du kalteen ordaina.

Beste ibilgailu batek arras egoera txarrean utzi du nirea: salmenta-balioa onartu behar dut?

Printzipioz, eskubidea dut kalteen erantzuleak nire autoaren konponketa ordain dezan, istripuaren aurreko egoeran gera dadin. Autoa «erabateko hondamen» gisa deklaratu bada, eta konponezina baldin bada, istripua gertatu den momentuan ibilgailuak zuen balioa ordaindu beharko didate.

 

Bertze kasu batzuk

Zer aseguru ordaindu behar du etxean gertatu den ur-ihesa, komunitatekoak eta nireak?

Ihesaren jatorriaren araberakoa izanen da hori. Ur-ihesa hoditeria orokorrekoa baldin bada, kasu horretan bizilagunen komunitateko aseguruak bere gain hartu beharko luke, halako polizarik baldin badago. Ur-ihesa nire etxeko hodi batetik gertatu baldin bada, nire etxeko aseguruak estali beharko du. Eta ihesa bizilagun baten kanalizaziotik badator, berak ordaindu beharko dizkit eragindako kalteak.

Osasun-aseguru bat kontratatuko dut. Kontatu behar diet zer gaixotasun izan ditudan orain arte?

Konpainiak kontratatzerakoan egiten didan galdera-sortari baino ez diot erantzun beharko, eta bertan erantzun beharko diet nire osasunari edo ohiturei buruz galdetzen didaten galderei. Alabaina, etorkizunean ezin izanen didate arazorik jarri edo laguntza ukatu, galdetu ez zitzaidanaren berri ez emateagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun