Nafarroako Kirol Jokoak igandean hasiko dira

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 22a, 12:00

Basaburuko herri kirol taldekoak artxiboko irudi batean.

Aurten XXXVII. edizioa beteko dute Nafarroako Kirol Jokoak ate joka dira. Igande honetan, otsailaren 25ean, jokatuko duten lehenbiziko jardunaldiarekin hasiko da ofizialki txapelketa eta bukatu martxoaren 24an eginen dute. Arantzako, Igantziko eta Baztango Basaburukoek taldeak atera dituzte kimuen, haurren eta kadeteen mailetan.

Lau jardunaldi eta finala 

Guztira lau jardunaldi eta finala eginen dituzte: lehenbizikoa igande honetan, otsailaren 25ean, Atarrabiako Paz De Ziganda ikastolako frontoian eginen dute, 10:30ean. Bigarrena martxoaren 3an Antsoaingo kiroldegiko frontoian izanen da, 10:30ean. Hirugarren jardunaldia Altsasuk hartuko du, martxoaren 10ean, hori ere 10:30ean. Laugarrenak eskualdean eginen du geldialdia eta martxoaren 17an Elizondoko Baztan pilotalekuan eginen dute, 10:30ean. Finala, azkenik, Etxarri Aranazko frontoian jokatuko dute, martxoaren 24an, 11:00etan.   

Eskualdeko ordezkaritza 

Talde mordoxkak eman du izena aurtengo edizioan, tartean, Arantzak, Igantzik eta Baztango Basaburuak. Horiekin batera, Etxarri Aranazko Andra Marik, Antsoainek, Araitz-Beteluko Araxesek, Berrizoarrek, Altsasuko Iñigo Aritzak, Sarrigurengo Joakin Lizarragak eta Atarrabiako Paz de Zigandak taldeak aurkeztu dituzte. 

Hiru kategoria 

Hiru kategorietako neska-mutikoek parte hartuko dute: kimuek (2012-2013 urteetan sortuak), haurrek (2010-2011 urteetakoak) eta kadeteek (2008-2009 urteetakoak). 

Haurren eta kadeteen kategorietan, bi txapelketa eginen dituzte: sokatira eta proba konbinatua. Kimuen mailakoek, ordea, proba konbinatuko txapelketa bakarrik izanen dute eta arpanean ere ez dira ariko.

Kimuetan, 18 talde dira, eta Arantza, Igantzi eta Baztango Basaburuak talde bana aurkeztu dute. Bakoitzean sei lagun ariko dira; batek zortzi koxkor bildu beharko ditu, bertze batek hiru kiloko txingekin bi joan-etorri egin (80 metro), hiru zakularien lana sei kiloko zakuarekin buelta bana ematea izanen da (80 metro) eta lasterkariak bi buelta eman beharko dizkio plazari (160 metro). 

Haurretan proba konbinatuetan hamalau talde eta sokatiran hamar talde dira izena eman dutenak. Arantzak eta Igantzik proba konbinatuetan bakarrik aurkeztu dute taldea, eta Basaburuak baita sokatiran ere. Kategoria honetan, zortzi partaide izanen dira: koxkor biltzaileak hamar koxkor bildu beharko ditu, txingalariak bortz kiloko txingekin bi joan-etorri egin (80 m), hiru zakulariak hamar kiloko zakuarekin ibiliko dira (80 m), lasterkariak bi itzuli egin beharko ditu (160 m) eta arpanlariek bi korte.  Sokatiran 480 kilokoen kategorian ariko dira. 

Kadeteetan, proba konbinatuetan eta sokatiran zazpina taldek eman dute izena, horien artean, konbinatuetan Arantza eta Basaburua ariko dira eta sokatiran Basaburua. Zortzi lagun izanen dira talde bakoitzean: koxkor biltzaileak hamabi koxkor bildu beharko ditu, txingalariak hamar kiloko txingekin bi joan-etorri egin (60 m), hiru zakulariak hamahiru kiloko zakuarekin ibiliko dira (80 m), lasterkariak hiru itzuli egin beharko ditu (240 m) eta arpanlariek hiru korte eman. Sokatiran 540 kilokoetan ariko dira. 

Finala

Proba konbinatuetan, jardunaldietan denborarik hoberena egiten duten lau taldeek jokatuko dute finala. Sokatiran, berriz, haurretan multzo bakarra izanen da eta bi jardunaldi eta finala jokatuko dituzte. Finalean sei talde ariko dira. Kadeteetan, bortz jardunaldi jokatuko dituzte eta liga sistema bidez erabakiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun