Utergak galdu egin du Iruñeko Alde Zaharreko X. erremonte txapelketako lehen partidan

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 19a, 18:00

Barricart, Uterga, Zeberio II.a eta Ion, Garrido epailearekin batera, ortziralean Labriten. Gorriek irabazi zuten txapelketako lehen partida.

Zeberio II.ak eta Ionek 35-23 irabazi zieten Doneztebeko aurrelariari eta Barricarti.

Iruñeko Alde Zaharreko erremonte profesionaleko hamargarren txapelketako lehen jardunaldia jokatu zuten ortziralean Labriten. Xanti Uterga doneztebarrak, Barricart agoiztarrarekin bikote eginez, galdu egin zuen Zeberio II.aren eta Ionen kontra. 35-23 irabazi zuten gorriek.

Lehenbiziko lau tantoak Utergak eta Barricartek egin bazituzten ere (0-4 eta 1-5), bosnako berdinketaren ondotik, gorriek, Zeberiok eta Ionek agindu zuten hamar eta hamabi tantoko aldearekin ere (12-6, 20-10, 25-13, 28-16, 30-20). Azkenean 35-23 nagusitu ziren Zeberio II.ak eta Ionek.

Jaialdiko lehen partidan, Jon Sagaseta iruritarrak eta Baztanek 30-12 irabazi zieten Oses eta Markel Leatxe donamariarrari.

 

Bigarran jardunaldia otsailaren 23an

Iruñeko Alde Zaharreko X.erremonte txapelketako bigarren jardunaldia otsailaren 23an, ortziralean 19:00etan hasita jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan. Txapelketako partidan, Matxin III.a eta Otano, Eloy Otxandorena doneztebarraren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra ariko dira. Jaialdiko lehen partidan, Jon Sagaseta iruritarra eta Agirrezabala, Xuban Iturregi iruritarraren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun