Uterga, Otxandorena eta Saldiasek parte hartuko dute Iruñeko Alde Zaharreko Erremonte Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 16a, 12:00

Atzo aurkeztu zuten txapelketa Iruñean. Argazkian, bertzeak bertze, Uterga eta Mitxeo erremontistak ageri dira.

Gaur hasiko da aurten hamargarren edizioa beteko duen Iruñeko Alde Zaharreko Erremonte Txapelketa. Lau bikotek parte hartuko dute eta tartean izanen dira Uterga eta Otxandorena doneztebarrak eta Saldias oiztarra. Lehenbiziko jardunaldian Utergak jokatuko du, eta Otxandorenak eta Saldiasek otsailaren 23an izanen dute estreinako partida, elkarrekin bikotea osatuz. Txapelketan bildutako dirua Adano elkartera bideratuko dute. 

Ligaxka fasean sei kanporaketa jokatuko dituzte: gaur, otsailaren 23an, otsailaren 29an, martxoaren 8an, martxoaren 14an eta martxoaren 22an. Finalerdia martxoaren 29an jokatuko dute, ligaxkan bigarren eta hirugarren sailkatu direnen artean, eta final handia apirilaren 5ean izanen da. Ligaxkan lehenbiziko postuan sailkatutako bikotea eta finalerdia irabazi duen bikotea ariko dira. Partida guztiak Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dituzte, 19:00etan.

Torneo solidarioa izanen da. Sarrera dohainik izanen da, baina Adano minbizia duten haurren Nafarroako elkarteari laguntzeko asmoz, ikusleek ekarpen bat egin beharko diete Adanoko boluntarioei. Azken horiek pilotalekuko atean izanen dira eta bildutako guztia Adanora bideratuko dute. 16 urtez azpikoek ez dute ekarpena egiteko beharrik izanen, 16 eta 22 urtekoek bortz euro eman beharko dituzte eta 22 urtetik goitikoek hamar euro.

Egutegia

Txapelketako partida nagusiaren (beltzez) aitzinetik, 30 tantotara bertze partida bat jokatuko dute jaialdi bakoitzean. Txapelketako partidak, berriz, 35 tantotara izanen dira. Partida irabazten duenak lau puntu lortuko ditu, 33 eta 34 tantorekin partida galtzen duenak bi puntu, 31 eta 32 tantorekin partida galtzen duenak puntu bat eta 30 tanto baino guttiagorekin partida galtzen duenak ez du punturik lortuko. Puntuak berdin lortzen badituzte, txapelketako tantoak hartuko dituzte kontuan.

Otsailak 16
  • Sagaseta-Leatxe, Oses-Baztanen kontra.
  • Zeberio II.a-Ion, Uterga-Barrikarten kontra.
Otsailak 23
  • Sagaseta-Agirrezabala, Iturregi-Mitxeoren kontra.
  • Matxin III.a-Otano, Otxandorena-Saldiasen kontra.
Otsailak 29
  • Sagaseta-Mitxeo, Oses-Leatxeren kontra.
  • Zeberio II.a-Ion, Otxandorena-Saldiasen kontra.
Martxoak 8
  • Oses-Agirrezabala, Iturregi-Baztanen kontra.
  • Uterga-Barricart, Matxin III.a-Otanoren kontra.
Martxoak 14
  • Oses-Mitxeo, Iturregi-Agirrezabalaren kontra. 
  • Zeberio II.a-Ion, Matxin III.a-Otanoren kontra.
Martxoak 22
  • Iturregi-Leatxe, Sagaseta-Baztanen kontra.
  • Uterga-Barricart, Otxandorena-Saldiasen kontra.
Martxoak 29

Ligaxkan bigarren eta hirugarren postuetan jokatzen diren bikoteek finalerdia jokatuko dute.

Apirilak 5

Finala ligaxkan lehenbiziko sailkatutako bikoteak eta finalerdietako irabazleek jokatuko dute.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun