1993koa da eskola publikoetako jantokiak arautzeko dekretua eta hori «egungo behar pedagogikoetara, sozialetara eta nutrizionaletara egokitu» nahi du Hezkuntza Departamentuak. Helburu horrekin, azken hilabeteetan lanean aritu dira eta orain Nafarroako Gobernuaren gardentasun atarian dekretu proiektua argitaratu du, azken ekarpenak biltzeko.
Dirulaguntza irailean eta ekainean
Proiektu horretan bildu duten aldaketa horietako bat laguntzak 175 eskola egunetara zabaltzea da, hau da, lehenbiziko aldiz, irailean eta ekainean ere bai. Bertze aldaketa bat ere ageri da: jardunaldi zatitua edo jarraitua izan, kasu guztietan izanen da laguntzak hartzeko bidea.
Laguntzak despopulazio arriskuan dauden herrietako jantokietara
Orain arte eskola jantokiko laguntzak garraioa behar duten eta egoera sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikasleentzat izaten ziren. Araudi berria onartuz gero, laguntza despopulatzeko arriskuan dauden herrietako jantoki zerbitzuetako ikasleentzat ere izanen da. Gisa honetara, «herri ttikietako eskolek bizirauteko bermeak indartu» nahi ditu gobernuak.
Zaintza partekatua duten kasuak
Familia kontziliazioa errazteko asmoz, garraio zerbitzuari dagokionez, zaintza partekatua duten eta etxebizitzaz aldatzen diren haurren kasuak ere aintzat hartuko dituzte.
‘In situ’ eredua
‘In situ’ edo ‘sukaldea bertan’ ereduaren aldeko apustua egin nahi du gobernuak, «garaian garaiko eta hurbileko produktuak erabiliz».
Dekretua norentzat
Foru dekretua Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako jantoki zerbitzuak arautzeko izanen da, baita jantoki zerbitzu osagarria ematen duten Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoentzat ere. Gisa berean, Haur eta Lehen Hezkuntzetako ikasleekin garraioa partekatzen duten DBHko ikasleentzat ere izanen da.
Eskualdeko jantokiak eta jantoki arruntak
Dekretuan Hezkuntza Departamentuak zuzenean kudeatutako eskualde mailako jantokiak eta departamentuak baimendutako gainerako jantokiak bereizi dituzte. Jantoki zerbitzua duten ikastetxeek urteko plana izan beharko dute, eta gobernuak hori «ebaluatu» eginen du, «zerbitzua etengabe hobetzeko».
«Osasun, higiene, nutrizio eta ohitura osasuntsuen heziketa»
Dekretua, aldi berean, «ikasleek jantokietan pasatzen duten denbora osasunaren, higienearen eta nutrizioaren, ohitura osasuntsuen eta jasangarrien heziketa egiteko» aprobetxatu nahi dute, «mahaian, bazkaldu aitzinetik eta ondotik jarrera egokiak, ahoko garbitasuna, ikasleen arteko lankidetza, elkartasuna, gizarteratzea, hezkidetza eta bizikidetza sustatzeko, baita gizarte eta kultura ohiturak ere».
Menuei dagokienez, elikaduran eta dietetikan adituak diren profesionalek diseinatu eta gainbegiratuko dituztela bildu dute dekretu proiektuan, «elikadura osasungarriagoa, jasangarriagoa eta inklusiboagoa nahi dutelako, haurtzaroan eta nerabezaroan gehiegizko pisua eta obesitatea kontrolatzeko».
Finantzazioa
Eskualde mailako jantokien finantziazioa administrazioaren ekarpenekin eta ikasleen kuotekin osatuko dute. Gainerako jantokiena guraso elkarteen esku geldituko da, eta ikasleen kuotarekin, eta hala tokatuz gero, guraso elkarteen eta administrazioaren ekarpenekin osatuko dute.