Zentral eolikoak eskualdean

«Zuen eskualdean egin nahi dituzten proiektu eolikoak ez ditugu egingarriak ikusten»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 7a, 13:30

Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko kontseilaria.

Mikel IRUJO AMEZAGA, Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria

Eskualdean egin nahi dituzten proiektu eolikoen harira, Arantzako, Etxalarko, Igantziko eta Sunbillako alkateekin bildu zen astelehen arratsaldean Mikel Irujo Amezaga, Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria, eta horren ondotik egin dizkio adierazpen horiek TTIPI-TTAPAri. Bi kontu «argi» utzi nahi izan ditu: alde batetik, «enpresa horiekin ez dugula inolako harremanik izan» eta bertzetik, «proiektu horiek ez ditugula egingarriak ikusten». Hala ere, proiektuak aitzinera egiten badu, gobernuak tramitatu bertze aukerarik ez duela izanen gaineratu du.  

Zelena Renovable enpresak Irakurri eta Azkua proiektuak garatu nahi ditu eskualdean, eta Elicio Eolica enpresak Usana proiektua. Enpresa horiekin harremanik izan duzue?

Ez. Ez nik, ez nire taldeko inork, ez dugu inolako harremanik izan enpresa edo promotore horiekin. Ez gara inoiz bildu, ez dugu inoiz telefonoz solas egin, eta ez dugu inolako e-mailik gurutzatu. Argi utzi nahi dut ez dugula inolako harremanik izan beraiekin eta Nafarroako Gobernua ez dela proiektu horiek bultzatzen ari, ez Zelenarenak, ez Eliciorena.

Zer da dakizuena?

Estatu mailako 2020ko errege dekretu batek arautzen du nola egin behar diren prozedura hauek. Horren arabera, lehenbiziko pausoa enpresak konexioak non dauden ikusi behar du, hau da, sortuko duen energia argindar sarera nola konektatu ikusi. Nafarroako Gobernuak ez du prozedura horretan parte hartzen, Ministerioak emandako informazioa da eskura dezakeen bakarra. Konexioak estatu mailan kudeatzen dira. Orain dela hiru urte enkante handi bat izan zen eta hor gelditzen diren tokiak enpresen artean kudeatzen dituzte, enpresa banatzailearekin ere ados jarri behar da.

Zuen eskualdean, enpresa banatzaileak ez du baimendu Elicio Eolica enpresaren Usana proiektua, ez dio energia ebakuatzeko baimenik eman. Eta Zelenaren Irakurri eta Azkua proiektuekin ez dira adostasunera ailegatu, hainbat inbertsio egin behar direlako. Enpresa banatzaileak erraten du haiek ez dutela egin behar inbertsio hori eta enpresa horrekin ados ez dagoenez, helegite bat aurkeztu du Madrilen. Beraz, Irakurri eta Azkuaren artean konexio gatazka bat dago eta helegite hori MLBN edo CNMCk (Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala) ebatzi behar du. Enpresa helegite horren erantzunaren esperoan dago.

«Bereziki bi punturengatik ez ditut proiektu hauek egingarriak ikusten: gardentasun eta lurraldetasun faltagatik»

Proiektuak aitzinera ateratzeko aukerarik ikusten duzu?

Ez, eta argi utzi nahi dut ez ditudala inolaz ere proiektu hauek egingarriak ikusten, bereziki bi punturengatik: gardentasun eta lurraldetasun faltagatik. Alde batetik, komunikazio eta gardentasun falta erabatekoa izan da. Azken hiru urteotan 80 bat proiektu kudeatu ditugu eta orokorrean enpresak egiten duen lehenbiziko gauza Nafarroako Gobernura eta bereziki udaletxetara hurbiltzea izaten da; haien proiektua esplikatzeko eta herritarren eta erakundeen jarrera zein den jakiteko. Kasu honetan, ez dugu inolako harremanik izan promotore hauekin eta hagitz arraroa da.

Bestetik, ez dira Nafarroan errotutako enpresak, ez dago lurraldetasunik. Madrilgo bulego batetik egindako zerbait izan da, gardentasunik gabe. Eta Nafarroako Gobernuko kontseilari naizen aldetik, berriz azpimarratu nahi dut ez dudala uste proiektuak aitzinera aterako direnik.

«Promotoreak proiektu honekin segitzea erabakitzen badu, gobernuak tramitatu beharko du»

Gaiak hemengo herritarren artean kezka sortu du. Zer erranen zenieke?

Ez dagoela proiekturik. Badakigu konexio baimena eskatua dutela, baina astelehenean alkateei erran nien bezala, ez ditugu egingarriak ikusten. Hala ere, administrazio bat gara eta Madrilen aztertzen ari diren helegite horrek aitzinera egiten badu, eta promotoreak proiektu honekin segitzea erabakitzen badu, gobernuak tramitatu beharko du. Bertze adibide batekin esplikatuko dut. Demagun herriko plaza batean diskoteka bat paratu nahi dutela eta ez dugula hori eragotziko duen ordenantzarik. Nahiz eta politikoki ez ados izan, enpresak eskaera egiten ahal du, eta udalak tramitatu beharko du. Gauza bera da honetan.

«35 proiekturi baimena eman diegu, eta bertze erdia baino gehiagori ezezkoa. 35 horietatik 34tan udalen eskutik joan gara»

Nafarroako iparraldean baduzue bertze proiektu eolikoen berririk?

Ez. Azken hiru urteotan 82 proiektu kudeatu ditugu, horietatik 78ren tramiteak hagitz aitzinduak daude. 35 proiekturi baimena eman diegu, eta bertze erdia baino gehiagori ezezkoa. 35 horietatik 34tan udalen eskutik joan gara, eta bertze batean udalak ez du ez baietz, ez ezetz erran. Beraz, gobernuak ia gehienetan udalekin egin du aitzinera. Proiektu horiek Iruñerritik beheiti dira, Erriberan, Lizarra aldean eta Zangoza aldean kokatuak dira. Gehiago ere erranen dut. Gibelera bota ditugun 40 proiektu horien harira, hainbat bilera izan ditugu udaletako eta gizarte erakundeetako ordezkariekin, haserre edo kezkatuak daudelako proiektuari ezezkoa emateagatik. Bakoitzak bere iritzia du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun