Adosen eskuz binakako pilota txapelketak eskualdean izan du aterpe asteburu honetan, Baztanen eta Leitzan. Larunbatean Iruritako Aranabian jokatu zituzten partidak eta igandean Leitzako Amazabalen. Azken honetan, lehen mailako bi partidetan, herriko bi alaba jokoan eta biak irabazle suertatu ziren.
Larunbatean, Iruritako Aranabian jokatutako promozio mailako partidan, Ibarrolak eta Nahia Bertiz sunbildarrak erraz irabazi zieten Galeanori eta Perezi, 22-3.
Lehen mailako partidan, berriz, Goiuri Zabaletak eta Zabalak 16-22 galdu zuten Barrokalen eta Agirreren kontra, partida gogorra eta onaren ondotik.
Leitzan herriko bi alabak garaile
Santa Ageda bezperan, berriz, Leitzako Amazabalen, lehen mailako bi partida izan zituzten. Bietan herriko alaba bana aritu zen eta bietan etxekoak garaile suertatu ziren, nahiko erraz gainera. Lehen partidan, Goiurti Zabaleta leitzarrak eta Zabalak 22-5 irabazi zieten Ruiz de Infanteri eta Galeanori. Bigarren partidan, berriz, Iera Agirre Iturriaga leitzarrak eta Orbegozok 22-10 irabazi zieten Aldaregiari eta Olatz Ruiz de Larramendiri.