Oskar Urrutia erremontista saldiastarrak agur esan dio Galarretari

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 5a, 15:00

Oskar Urrutia saldiastarra beste erremontistek egindako arkuaren azpitik kantxaratu zen larunbatean Galarretan, bere azken partidan. Argazkia: Esti Veintemillas

Masters txapelketako ligaxkako lehen partidan Ansa II.a 30-22 gailendu zaio Juaneneari partida gogor, parekatu eta kalitate handikoan

Oskar Urrutia II.a erremontista saldiastarrak agur esan zion Galarretari larunbateko jaialdiko lehen partidan. Erremontari lagunek arkua egin zioten, opari bat egin zioten Ansa II.aren eskutik eta omenaldia ere egin zioten. Hori bai, kantxan ez zen oparirik izan eta Loitegik eta Oier Apezetxea goizuetarrak ez zioten deus oparitu.Loitegik eta Apezetxeak Urrutia II.a eta Martirena hartu zituzten mendean, 9-15 eta 6-15.

Oskar Urrutia opariekin, Oriamendiko beste erremontistekin batera. Argazkia: Esti Veintemillas

Ansa II.ak Juaneneari irabazi dio Masters txapelketako partidan

Jaialdiko bigarren partidan, Ansa II.ak ongi ekin zion Masters txapelketako titulua defendatzeari, Aritz Juanenea saldiastarrari 30-22 irabazi ondotik. Markagailua ez zen partidan izan zen berdintasunaren isla. Lehia gogorra jokatu zuten, bizia, borrokatua, kalitatezkoa eta asko gustatu zitzaiona ikusleari. Ansak bere segurtasuna baliarazi zuen, partida osoan ez baitzuen pilota bakar bat ere huts egin. Garaipen honekin Ansak lau puntu lortu ditu ligaxkan, Juaneneak berriz bat ere ez.

Juanenea pilota astintzen eta Ansa II.a defentsarako prest, Masters txapelketako ligaxkako lehen partidan. Argazkia: Esti Veintemillas


Partida 7-0eko partzialarekin hasi zen Ansarentzat. Urnietakoa zurrunbilo bat bezala hasi zen, baina Saldiaskoa ez zen erori. Joko onarekin Juaneneak partida berdintzea lortu zuen eta 17-18 aurretik jarri zen. Biak maila handian jokatzen ari ziren, abiadura handian piloteatzen eta partida ederra zen.
Ansak hiru tantoko aldea lortu zuen 25-22koan eta une horretan Juaneneak bi txapa jo zituen eta partida maldan gora jarri zen Saldiasko atzelariarentzat. 23 eta 24 izan zitezkeenak 26a eta 27a izan ziren Ansarentzat.
Urnietakoak 30-22 bukatu zuen partida. Juaneneak bost pilota galdu zituen eta Ansak bakar bat ere ez eta hor egon zen aldea. Ansak bederatzi tanto egin zituen piloteoan eta  Juaneneak sei. Jokaldiak, pilotakada biziak eta piloteo ona ikusi ziren. Partidak amaiera parekatuagoa merezi zuen.

Jaialdiko hirugarren partidan Aldabek eta Azpirozek 6-15 eta 13-15 irabazi zieten Segurola eta Larrañagari. Azpirozen jokoa nabarmendu zen, konfiantza handiarekin baitago iragan astean Barrenetxeari irabazi ondoren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun