Kutxabank Masters txapelketako ligaxkako lehen partida jokatuko dute Aritz Juanenea saldiastarrak eta Ansa II.ak otsailaren 3an Hernaniko Galarretan. Larunbatean 16:30ean hasiko den jaialdiko bigarren partida izanen da.
Jaialdiko lehenbiziko partidan, Oskar Urrutia II.a saldiastarra eta Martirena, Loitegi eta Oier Apezetxea goizuetarraren kontra ariko dira. Urrutia II.aren azken partida izanen da profesionaletan eta agurra eginen diote erremontistek eta zaletuek. Hirugarren partidan, Segurola eta Larrañaga, Aldabe eta Azpirozen kontra.
Hain zuzen, Uitziko Azpiroz izanen da Ansa II.arekin eta Juanenearekin batera Masters txapelketako ligaxkan ariko den hirugarren erremontista, joan den astean Barrenetxea IV.ari irabazi ondotik.