Sabino Arana Saria eskuratu du Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 31a, 19:00
XXXV. Sabino Arana saridunak igandean Bilboko Arriaga antzokian. Eskuinean, Laura Igantzi, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko presidentea.

Laura Igantzi elkarteko presidenteak hartu zuen saria igandean Bilboko Arriaga antzokian

 

Sabino Arana Sarien XXXV. edizioa Bilboko Arriaga antzokian egin zen urtarrilaren 28an. Ekitaldian, Antton Valverde musikari donostiarra, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioaren emakumezkoen txirrindularitza-taldea, Euskal Artzainak Ameriketan elkartea, Armando Llanos ikertzaile eta arkeologo gasteiztarra eta Javier Clemente saritu dituzte.

Laura Igantzi Euskal Artzainak Ameriketan (EAA) elkarteko lehendakariak adierazi zuen saria poz handiz hartu dutela, «Ameriketan ibili diren euskal artzainek egindako lana aitortzen eta txalotzen» delako. «Artzain guztiek aunitz errateko eta erakusteko dute haien emigrazioari buruz, eta gu ere, haien seme-alabak eta bilobak, hagitz harro gaude beraietaz».

Lesakatik Ameriketara emigratutako artzainen ondorengoa da Laura Igantzi eta haien guztien istorioek gordetzen duten aberastasunaz jabetu zen aitarekin batera artzainen mundu biltzar batera joan zenean Arantzazura, 2005ean. Biltzar hartara joandako artzainak baino aunitzez gehiago zirela egiaztatu eta gero, Laura Igantzi Lesakako bertze artzain batzuen izenak biltzen hasi zen eta bilketa horretan ohartu zen «haien jarreraren balioez, beldurrez, euskal sentimenduez, gure kulturak, hizkuntzak eta identitateak gure lurraldetik urrun duten balioez». Orduan erabaki zuen Igantzik istorio horiek guztiak bildu eta gizarteratu egin behar zirela, «etxean edukita ere, nik ez bainion inolako baliorik eman».

EAA elkarteko presidenteak gogora ekarri zuen artzainek gure ohiturei bizirik eutsi dietela hain urrun leku batean: «Harrotasun handiz esaten genuen euskaldunak ginela! Ameriketan, euskalduna pertsona langile, leial eta emandako hitza betetzen duen gizabanakotzat hartzen da. Beti esaten dut artzain haiek gure herriko enbaxadorerik onenak izan direla. Guzti-guztiak, bizkaitarrak, gipuzkoarrak, arabarrak, iparraldekoak zein nafarrak, hizkuntza, ohitura eta kultura bera zerabilten euskal artzainak ziren. Hizkuntzari gagozkiola, ozen aitortu behar da euskarari oratu ziotela, batez ere, emakume euskalduna ondoan zutelarik», adierazi zuen.

Azkenik, eskerrak eman zizkien itzuli ziren guztiei, beren estatus ekonomikoari esker, jatorrizko herrietako bizimodua hobetzen lagundu zutenei, amerikanuei, alegia. «Uste osoa daukat ez zirela konturatu ere egiten zeinen ongi zabaltzen zuten euskaldunen izena eta izaera. Ohore zuei guztioi, euskal artzainoi!», esanda amaitu du mintzaldia.

Sariketan, une hunkigarria izan zen Blanca Lasak, Lesakako artzain baten emazteak, bidalitako bideoaren ikustaldia. Senarrarekin batera, Wyoming-era joan zen lehenik, Montanara gero, eta Utah-n amaitu zuen. Bideoan, Blancak laburrean kontatu zuen hango bizimodua, Iñaki eta Xabier semeekin eta bortz bilobekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun