Giro ederra izan dute Lesakan Nafarroako X. Trikiti jaialdian

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 29a, 18:00

Nafarroako Trikitixa elkarteak eta Lesakako trikitixa taldeak, Lesakako udalaren eta bertze zenbait erakunderen laguntzaz antolatutako Nafarroako X. Trikiti jaialdia Lesakako Harriondoa kultur etxean ospatu zuten larunbat arratsaldean Lehen ere hainbat urtez Lesakan egin dute jaialdia, azkena 2022an. ETBk grabatu eta otsailaren 17an eskainiko duen jaialdiaren ondotik, karrikaz karrika ibili ziren musikariak eta 140 lagun bildu ziren Koxkontan egindako afarian. Antolatzaileek hagitz balorazio positiboa egin dute, bertaratuak ere gustura, trikiti doinuek goizaldeko ordu ttikiak arte iraun zuten. Argazkian: Ibon Errazu Uria

Parte hartu zuten trikitilari, panderojole eta musikariei dagokienez, Epelde, Lutxurdio, Laja II.a eta Haritz Garmendia; Dani eta Ainara Narbarte anai-arreba goizuetarrak, Kattalin Zubizarreta, Manex Torrealdai eta Oihan Larrañaga; Iker Goenaga, Alaitz Telletxea eta Fredi Pelaez; Xabi, Ainara, Leire, Amaia eta Gari; Miren, Agur, Mirari eta Aintzane eta Nafarroako Trikitixa Elkarteko musikariak (tartean Lesakako Jone eta Estitxu Elgorriaga ahizpak eta Etxalarko Irune Elizagoien) igo ziren taulara. Joseba Olagarai etxalartarra eta Amaia Eneterreaga lesakarra izan ziren saioa aurkezten.

Zuzen bidean Euskal Telebistako Oholtzan saioan emanen dute jaialdia otsailaren 17an, 22:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun