Larunbateko jardunaldian tiraldi guztiak irabazi zituzten Beti Gazteko emakumeek eta gizonezkoek.
Emakumeen 500 kiloko finalean, Beti Gazteren ondotik, Ibarra bigarren izan zen eta Amaiur hirugarren. Amaiurko emakumeak Euskal Herriko podiumera igotzea lortu dute lehen aldiz. Ondotik sailkatu ziren Badaiotz, Txantrea eta Abadiño. Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Amaia Leiza, Udane Arbelaitz (Oiartzun), Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai (Bera), Maddalen Lopez, Ainhoa Ubiria eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzailea eta Karmele Pikabe laguntzaile zutela.
Gizonezkoen 560 kiloko txapelketan ere tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gazteko zortzikoteak. Karmelo Mitxelena, Oskar Telletxea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga, Iñigo Altzugarai, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxeak tiratu zuten, Paskual Taberna entrenatzaile, eta Mikel Apeztegia laguntzaile zutela. Ezpeletako Ñapurrak bigarren izan zen eta Abadiño hirugarren. Laugarren postua Txantreak eskuratu zuen, bosgarrena Zuraidek eta seigarrena Ibarrak.
Gisa honetara, erran bezala, Euskal Herriko zazpi txapelak (gizonezkoen 680, 640, 600 eta 560 kilokoak, emakumeen 540 eta 500 kilokoak eta mistoa) irabazi ditu lehen aldiz Beti Gaztek. Ez Beti Gaztek, ez bertze inork lortu gabeko marka zen. Joan den urtean, erraterako, sei irabazi zituen Beti Gaztek. Bitxia baldin bada ere, 560 kilokoan txapeldunorde izan zen iaz Gaztediren ondotik, baina gero, munduko txapeldun izan ziren lesakarrak kategoria horretan.
Orain mundialera
Behin Euskal Herriko lanak ezin hobe bukatuta, otsailaren 8tik 11ra Suediako Helsingborg hirian jokatuko den munduko sokatira txapelketari begira daude Beti Gazteko neska-mutilak. Klub artekoan ez ezik, nazioartekoan ere Euskal Herria ordezkatzeko eskubidea ongi irabazia dute eta dominen lehian borrokatzeko prest daude. Gainera, aurten 25 urte bete dira gizonezkoen taldeak mundialeko urrezko domina lehen aldiz irabazi zuenetik. Joan den urteko marka berdintzea ez dute erraza izanen (klub artekoan bortz domina lortu zituen Beti Gaztek, tartean urrea gizonezkoen 560 kiloko txapelketan eta nazioartekoan lau domina, tartean, urrezko domina txapelketa mistoan, Euskal Herriak inoiz lortu duen lehena).