Nafarroako Hezkuntza Departamentuak 33 ikastetxeren kudeaketa goraipatu zuen atzo, Kalitatezko zigiluak eta Bikaintasunaren zigiluak emanez eta berrituz. Tartean, eskualdeko bortz eskolek ere beren ziurtagiriak berritu dituzte: Arantzako Eskolak, Berako Ricardo Barojak, Elizondoko Eskola Publikoak eta Lesakako Irain eskolak Kalitatezko ziurtagiria eta Doneztebeko Eskolak Bikaintasunaren zigilua.
Ehun lagunetik goiti bildu ziren atzoko ekitaldian Iruñean, eskola horiek egindako lanari ikusgarritasuna emateko. Carlos Gimeno kontseilariak eskerrak eman zien ikastetxeetako zuzendari eta arduradunei, «zentroen emaitzak hobetu nahi dituzten kalitatezko kudeaketa sistemak garatzeagatik».