Bikaintasunaren eta Kalitatearen sariak berritu dituzte Arantza, Bera, Doneztebe, Elizondo eta Lesakako eskola publikoek

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 26a, 17:30
Arantza, Bera, Doneztebe eta Lesakako eskola publikoetako irakasle eta zuzendariak, Iruñean sariak hartu ondotik.

Bikaintasunak eta kalitateak goiti egiten segitzen dute Nafarroako hezkuntza-sistema publikoan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak gaur goizean onartu duen bezala, Haur, Lehen, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 33 ikastetxeri Kalitatezko Zentro eta Bikaintasunezko Zentro sariak emanez. Ikastetxe horiek arrakastaz diseinatu eta ezarri dituzte Departamentuaren berezko araudiaren arabera kalitatea kudeatzeko sistemak. Saridunen artean daude Arantza, Bera, Elizondo, Lesaka eta Doneztebeko eskola publikoak.

Zehazki, Arantzako eskolak, Berako Ricardo Baroja eskolak, Elizondoko eskolak eta Lesakako Irain eskolak Kalitatezko Zentro modura zuten errekonozimendua berritu dute eta 2022-23 ikasturteari dagokion Bikaintasunezko Zentro izendapena berritu du Doneztebeko San Miguel ikastetxeak.

Ikastetxe hauetako eta sarituak suertatu diren Nafarroako bertze ikastetxeetako irakasle eta zuzendariak izan dira gaur Nafarroako Artxibo Nagusian egin den ekitaldian, Carlos Gimeno Gurpegi, Nafarroako Gobernuko hezkuntza kontseilariarekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun