Euskal Herriko sokatira txapelketako azken bi txapelak banatuko dituzte urtarrilaren 27an, larunbatean 17:00etan hasita Pobesen (Araba). Emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko dituzte. Orain arteko bortz txapelak Lesakako Beti Gaztek lortu ditu eta Pobeseko biak lortuko balitu, lehen aldiz lortuko luke Euskal Herriko txapel guztiak irabaztea eta, gainera, Euskal Herriko lehen taldea izanen litzateke marka hau lortzen.
Emakumeen 500 kiloko finalean, Beti Gazterekin batera, Ibarra (Gipuzkoa), Badaiotz (Araba), Txantrea, Amaiur eta Abadiño (Bizkaia) lehiatuko dira.
Gizonezkoen 560 kiloko txapela, berriz, jardunaldi bakarrean erabakiko da. Pisu honetan Amaiurrek ez du talderik aurkeztuko. Beraz, Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Lesakarrekin batera, Txantrea, Lapurdiko Ñapurrak eta Zuraide, Gipuzkoako Ibarra eta Bizkaiko Abadiño lehiatuko dira gizonezkoen pisu arineneko txapelaren bila.