Asteburuko Adosen txapelketako bi partidak galdu ditu Etxekolonea zubietarrak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 24a, 10:30
Erratzuko jaialdian parte hartu zuten pilotari guztiak elkarrekin. Argazkia: Eduardo Agirre

Irurtzunen larunbatean eta Erratzun igandean Mendibururekin jokatu zituen eskuz binakako txapelketako partidak

Ados pilota elkarteak antolatutako eskuz binakako txapelketak aitzinera segitzen du eta Naroa Elizalde Etxekolonea zubietarrak ezin irabaziz segitzen du, Ane Mendibururekin batera. Larunbatean Irurtzunen eta igandean Erratzun jokatutako partidak galdu egin zituen.

Ohikoa denez, Irurtzunen nahiz Erratzun Adosen pilota eskolako txikienen partidekin abiatu ziren jaialdiak. Ondotik, Irurtzunen, Etxekolonea zubietarrak eta Mendiburuk 14-22 galdu zuten Aldaregia eta Ruiz de Larramendiren kontra. Txapelketako bigarren partida berdinduagoa izan zen, eta Barrokalek eta Agirrek 22-21 irabazi zieten Ruiz de Infante eta Galeanori.

Ruiz de Larramendi, Aldaregia, Mendiburu eta Etxekolonea Irurtzunen. Urdinak nagusitu ziren.

Biharamunean, Erratzun, ttikienen partidan debuta egin zuen Aiora arraioztarrak. Txapelketako partidari dagokionean, markagailuak adierazten duena baino lehia orekatuagoa izan bazen ere, Barrokalek eta Agirrek 22-9 irabazi zieten Etxekoloneari eta Mendibururi.

Naroa Elizalde Etxekolonea zubietarra pilota astintzen Erratzuko partidan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun