Elite mailako estreinako partidan galdu egin dute Oronoz eta Goienetxe saratarrek

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 22a, 12:00
Goienetxe eta Oronoz saratarrek (urdinez) galdu egin zuten elite mailako beraien lehen partida Arraiza eta Arrillagaren kontra.

Gazte mailan, aldiz, irabazi egin zuen Alize Sagardui goizuetarrak Eskoriatzan

Joan den urteko pilota goxoko txapelketan txapeldun izan ondotik, bertze urrats bat eman eta Emakume Master Cupek eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketan pilota mistoarekin elite mailako txapelketan parte hartzen hasi dira aurten lehen aldiz Ania Oronoz eta Marie Goienetxe saratarrek. Ipar Euskal Herriko lehen pilotariak dira maila honetan jokatzen. Lehen partida igandean jokatu zuten Eskoriatzan (Gipuzkoa), eta 11-22 galdu zuten Miriam Arraiza eta Miriam Arrillagaren kontra.

Baina saratarren elite mailako partidaren aitzinetik, bertze bi ere jokatu zituzten Eskoriatzan. Lehenengoan, pilota mistoko gazteen kategorian, Ardoiko Uxue Gomezek eta Umore Onako Alize Sagardui goizuetarrak 18-2 irabazi zieten Aroa Lekerikabeaskoa eta Haizea Barainka bizkaitarrei eta bigarrenean, pilota mistoko promesak mailakoan, Arabako Maddi Ugaldek eta Udane Ozaetak 18-8 irabazi zieten Maialen Gaston eta Malen Mena bizkaitarrei,.

Alize Sagardui goizuetarrak (eskuinetik hasita bigarrena) eta Gomezek erraz irabazi zieten Lekeribeaskoa eta Barainka bizkaitarrei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun