Euskal Herriko sokatira txapelketako bi txapel banatuko dituzte asteburuan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 18a, 20:00
Beti Gazteko sokatira talde mistoak tiraldi guztiak irabazi zituen joan den igandean Lesakan jokatutako kanporaketan eta txapela janzteko faboritoa da. Argazkia: Pako Santxez

Larunbatean Gernikan (Bizkaia) jokatuko da gizonezkoen 600 kiloko finala eta igandean Ozaetan (Araba) txapelketa mistokoa

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketaren barrenean bi final jokatuko dituzte asteburuan. Urtarrilaren 20an, larunbatean 17:00etan hasita, Gernikan (Bizkaia) jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko finala eta urtarrilaren 21ean, igandean 11:30ean hasita, Ozaetan (Araba), txapelketa mistokoa (580 kilo).

Gizonezkoen 600 kiloko txapelketako lehen bi jardunaldietan Beti Gaztek irabazi ditu tiraldi guztiak eta lesakarrak izanen dira txapela janzteko faborito. Lesakarrekin batera, Ezpeletako Ñapurrak, Berriozar, Zuraide A, Ibarra eta Amaiur lehiatuko dira.

Txapelketa mistoko finalari dagokionez, joan den igandean Lesakan jokatutako kanporaketatik Beti Gazte, Berriozar, Ibarra, Amaiur, Abadiño B eta Txantrea sailkatu ziren finalerako. Hemen ere Lesakako taldeak irabazi zituen tiraldi guztiak.

Asteburu honetako bi txapelak banatu ondotik jardunaldi bakarra geldituko zaio Euskal Herriko sokatira txapelketa nagusiari. Urtarrilaren 27an Pobesen (Araba) jokatuko dute emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, jardunaldi bakarrean.

Euskal Herriko lanak bukatuta, otsailaren 8tik 11ra Helsinborg-en (Suedia) jokatuko da munduko sokatira txapelketa eta bertan izanen dira Beti Gazteko tiralariak ere.

Beti Gazte sokatira taldearen zozketarako txartelak hartzeko azken egunak

Hain zuzen, otsailean Suedian jokatuko den munduko sokatira txapelketara joan ahal izateko diru-bilketa kanpaina ere martxan du Beti Gazte sokatira taldeak. Alde batetik, zozketa prestatu dute. Linddurrenborda sagardotegian bi lagunentzako otordua eta Otxuneko bi gazta zozketatuko dituzte. Txartelak Xagu liburu dendan, Izarra okindegian eta Telletxea estankoan eskura daitezke. Zozketa urtarrilaren 20an, larunbatean, eginen dute. Beraz, txartelak eskuratzeko hondarreko egunak dira.

Bertze aldetik, nahi duenak borondatea uzteko eltzeitsuak paratu dituzte Lesakan (Koxkila ostatua, Haizea kafetegia, Zantzonea ostatua, Izarra okindegia, Arrano ostatua, Txinelka zapata denda, Iturbena kafetegia eta Etxeberria ostatua), Igantzin (Estankoa), Etxalarren (Herriko Okindegia eta Herriko Ostatua) eta Beran (Errekalde ostatua).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun