Malerrekako eskola ttikietako ikasleek eski kanpainaz gozatu dute

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 17a, 16:00

Sunbilla, Ituren, Legasa eta Narbarteko eskola ttikietako 5. eta 6. mailako ikasleek eski kanpainaz ederki gozatu dute urtarrilaren 8tik 12ra bitarteko astean. Guztira 54 ikasle eta 8 irakasle abiatu ziren Izabara astelehenean eta hiru etxetan hartu zuten ostatu. 

Aurtengo lehendabiziko txanda egokitu zaie eta honekin batera lehendabiziko elurtea ikusteko parada izan dute, zorionez. Honelako jardueretan elkarrekin parte hartzea dute aurrekontuei eta antolakuntzari aurre egiteko modu bakarra, beraien ikasle kopuruak eta aurrekontuak murritzak direlako. Horrez gain, eskualdeko haurrek elkar ezagutzea sustatzen dute, izan ere, elkarrekin ikasiko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta erosoago eginen dute aldaketa aurpegi ezagunak izanik. Arduradunen hitzetan esperientzi  ikaragarria izan da, eskiatzeaz gain jende anitz ezagutu eta jarduera arras interesgarriak egin baitituzte, bertzeak bertze, ginkanak, herri kirolak, escape room-a, diskoteka... Eta ikaragarri gozatu dute. Urtero egiteko moduko ekintza dela uste dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun