Errespetu faltekin kezkatuta, atxikimendua emateko kanpaina abiatu dute Baztan-Bidasoko ostalariek

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 16a, 10:00
Taberna eta jatetxeetan jasaten dituzten errespetu faltekin kezkatuta daude ostalariak.

Eguberrietan gertatu dira azken ezbeharrak, eta egoerarekin kezkatuta, Baztan-Bidasoko zenbait ostalarik ahotsa goratzea erabaki dute. Sektoreak jasaten dituen errespetu faltekin kezkatuta, eskualdeko ostatu eta jatetxe batzuen ekimenez urratsak egiten hasi dira hainbat ostalari, eta sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina bat abian paratzea dute helburu.

Atxikimendua emateko tenorea

Kanpaina horren atariko, eskualdeko ostalarien atxikimendu masiboa lortu nahi dute. Horretarako, lehenik eta behin, eskualdeko instituzio publikoekin harremanetan paratu dira, eta dagoeneko elkarlanean ari dira Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi, Malerreka eta Bortzirietako udalekin; eskualdeko Mankomunitateekin; Baztan-Bidasoa Turismo Elkartearekin, baita Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkartearekin (ANAPEH) ere.

 

Eskutitza

Baztan-Bidasoa Turismo Elkartearen eta udalen bitartez, eskualdeko ostalari guztiei ekimenaren berri emateko eskutitza igorri zaie, eta haien atxikimendua eskatu. Ostalariek urtarrilaren 31 arteko epea dute atxikimendua adierazteko, eta ondotik, jendaurrean kanpaina aurkeztuko dute, prentsa agerraldi batean.

Kanpainak tratu onen ikuspuntutik oinarrizko heziketaren printzipioa aintzat hartuko du, baita sakonera jo ere: ostalaritzako lokaletan gertatzen diren errespetu faltak, jokabide sexistak, homofoboak, klasistak eta arrazistak etetea da helburua.

Ekimenarekin bat egin edo informazio gehiago nahi duten ostalariek info@baztan-bidasoa.com helbidera idatzi behar dute edo 948 59 23 23 telefono zenbakira deitu (10:00etatiik 14:00etara, astelehenetik ortziralera).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun