EUSKAL HERRIKO SOKATIRA TXAPELKETA

Beti Gazte nagusitu da asteburuko tiraldi guztietan eta Amaiur ere hiru finaletan izanen da

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 15a, 10:00
Beti Gazteko talde mistok tiraldi guztiak irabazi zituen igande goizean Lesakan.

Txapelketa mistoko kanporaketa jokatu zuten igande goizean Lesakan eta gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia larunbatean Oiartzunen

Euskal Herriko sokatira txapelketaren barrenean hiru kategoriatako lehia izan dute asteburu honetan. Larunbat arratsaldean, Oiartzunen, gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatu zuten eta igande goizean, Lesakan, txapelketa mistoko kanporaketa. Hiruetan finalerako txartelak zeuden jokoan eta hiruetan tiraldi guztiak irabazi zituzten Beti Gazteko taldeek. Amaiurrek ere hiru finaletan sartzea lortu du.

Larunbatean Oiartzunen, emakumeen 500 kiloko kategorian tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek. Kategoria honetako lehen jardunaldian berdindu egin zuten lesakarrek Ibarrarekin, baina bigarrenean nagusi izan ziren. Ibarra bigarren izan zen, hirugarren postuan berdindu egin zuten Badaiotzek eta Txantreak, bosgarren Amaiur izan zen, Abadiño seigarren eta Berriozar zazpigarren. Honela, Berriozar izan ezik, gainerako talde guztiak urtarrilaren 27an Pobesen (Araba) jokatuko den finalean izanen dira.

Lehen jardunaldian Ibarrarekin berdindu ondotik Oiartzunen tiraldi guztiak irabazi zituzten Beti Gazteko emakumeek. Argazkia: Potronko

 

Gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldian ere, lehenbizikoan bezala, Beti Gaztek irabazi zituen tiraldi guztiak. Ondotik sailkatu ziren Berriozar, Ñapurrak, Ibarra, Zuraide B, Amaiur, Zuraide A, Abadiño, Murueta eta Txantrea. Bi jardunaldietako puntuak kontuan hartuz, urtarrilaren 20an Gernikan (Bizkaia) jokatuko den finalerako Beti Gazte, Ñapurrak, Berriozar, Zuraide A, Ibarra eta Amaiur sailkatu dira.

Gizonezkoek 600 kiloko bi jardunaldietako tiraldi guztiak irabaziz sartu dira finalera. Argazkia: Potronko

 

Igandean Lesakan txapelketa mistoko kanporaketa

Igandean Lesakan jokatu zen txapelketa mistoko kanporaketa eta, honetan ere, Beti Gazte nagusitu zen tiraldi guztietan. Ondotik sailkatu ziren Berriozar, Ibarra, Amaiur, Abadiño B eta Txantrea. Sei talde hauek izanen dira urtarrilaren 21ean Ozaetan (Araba) jokatuko den finalean. Finaletik kanpo gelditu ziren Badaiotz, Abadiño A eta Antsoain.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun