23. Korrika

Martxoaren 15ean, 19an eta 24an ailegatuko da Korrika eskualdera

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 11a, 12:00

15 urteren ondotik, Goizuetatik pasako da Korrika aurten. Irudian, goizuetarrak 2022ko Korrikan lekukoa eskuetan dutela.

23. aldiz eginen dute korrika heldu den urteko udaberrian. Martxoaren 14an hasiko da Irunen, eta hamar egunen ondotik, martxoaren 29an, bukatuko da Baionan. Eskualdean hiru aldiz sartuko da: martxoaren 15ean Baztanen, 19an Leitzaldean eta 24an Bortzirietan eta Xaretan. Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean irekiko dute.

Martxoaren 15ean, ortziralea, Baztanen

Hasi eta  biharamunean, martxoaren 15ean, ortziralean ailegatuko da Korrika Baztanera. 13:16ean sartuko da Baztanen Izpegin barna. Handik Erratzurako bidea hartuko da eta  14:14ean ailegatuko da bertara. Erratzu gibelean utzi  eta Arizkunera joanen da (14:34), handik Elbetera (15:04), Elizondora (15:08) eta Iruritara (15:26). Iruritatik Artesiagan barna, Eugirako bidea hartuko du lasterketak eta Nafarroako Pirinioetan bukatu du eguna.

Martxoaren 19an, asteartea, Leitzan eta Goizuetan

Martxoaren 19an, asteartea, berriz ere bisita eginen du eskualdean Korrika, eta 15 urteren ondotik, Goizuetara ailegatuko da.  Uitzin barrena, 16:31ean sartuko da Korrika Leitzako herrigunera. Leitza gurutzatu eta handik Goizuetara joanen da lasterketa NA-4150 errepidean barna eta 18:38ean ailegatuko da Goizuetara. Hernanirako bidea hartuko du , eta 20:16ean utziko du Nafarroa euskararen aldeko lasterketak.

Martxoaren 24an, igandea, Bortzirietan eta Xaretan

Lasterketa Baionan bukatu aitzinetik, igande goizaldean Bortzirietatik eta Xaretatik pasako da Korrika. Oiartzunen barna ailegatuko da Lesakara. 01:43ean sartuko da lasterketa Nafarroan, eta 03:25ean sartuko da Lesakara. Handik Berarako bidea hartuko du lasterketak, eta Agerrara 04:01ean  ailegatuko da. Handik, Lizuniagan barna Sararako bidea eginen du.

04:45ean Lizuniagako  tontorrean Sartuko da Lapurdira eta aurreikusia dago 05:17ean Sarako herrigunera ailegatzea. Handik Senpererako bidea hartuko du, eta 06:09ean sartuko da Senperen. 06:59an utziko du Senpere lasterketak eta ordu batzuk beranduago, 12:29ean bukatuko da Korrika Baionako Askatasunaren plazan.

Korrikaren ibilbidea, eta herriz herriko ordutegia ikusi daitezke irudian.

 

Korrikaren aplikazioa itxuraberritua

Aurtengo korrikaren nobedadeetako bat aplikazioaren itxura eraberritua da. Aitzineko ediziotik hona, guztiz itxuraldatuta dute: hainbat atal berri ditu; adibidez, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketa eta irabazleak ere ageri dira.

Ibilbideari lotuta, Korrika zuzenean jarraitzeko aukera ere emanen du: furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakinen dute Korrika aurrerapenez ala atzerapenez  heldu den, hau da, aplikazioaren erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izanen dute nondik dabilen lasterketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun