Euskal Herriko sokatira txapelketa mistoko kanporaketa Lesakan jokatuko dute igandean

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 12a, 10:00
Beti Gazteko sokatira talde mistoa, joan den urteko Euskal Herriko sokatira txapelketan.

Aitzinera segitzen du Euskal Herriko sokatira txapelketak eta asteburu honetan jardunaldi bikoitza izanen dute, hiru kategoriako lehiarekin. Urtarrilaren 14an, igandean 11:30en Lesakako udal pilotalekuan txapelketa mistoko kanporaketa jokatuko dute. Aitzinetik, larunbat arratsaldean, gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute Oiartzunen.

Igandean txapelketa mistoko kanporaketa jokatuko dute 580 kiloko kategorian Lesakako udal pilotalekuan, 11:30ean hasita. Etxeko Beti Gazte taldearekin batera, Amaiur, Abadiño A eta B (Bizkaia), Antsoain, Berriozar, Ibarra (Gipuzkoa), Txantrea eta Badaiotz lehiatuko dira, urtarrilaren 21ean Araban jokatuko den finalerako sei txarteletako baten bila.

Aitzinetik, larunbatean 17:00etan hasita Oiartzunen jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen 500 kiloko bigarren jardunaldia. Kategoria hauetan, gizonezkoen finala urtarrilaren 20an jokatuko dute Gernikan (Bizkaia) eta emakumeena urtarrilaren 27an Pobesen (Araba), gizonezkoen 560 kiloko txapelketarekin batera.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun