Nafarroako Automobilismo Federazioaren urteko sariak Lesakan banatuko dituzte urtarrilaren 13an

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 11a, 09:00
2023ko sariak banatuko ditu Nafarroako Automobilismo Federazioak larunbat arratsaldean Lesakako Harriondoa kultur etxean.

Nafarroako Automobilismo Federazioak (Fenauto) 2023 urteari dagokion sari banaketa eginen du urtarrilaren 13an, larunbatean 16:00etan Lesakako Harriondoa kultur etxean. Sari banaketa eskualdera ekartzeaz gain, eskualdeko auto gidari eta kopilotu ugari daude sarituen artean ere.

Honela, asfalto gaineko rallyei dagokienez, I klasean Doneztebeko Unai Apezetxea pilotua eta Eneko Mitxelena kopilotua sarituko dituzte, IV klasean Amaiurko Andoni Kamino kopilotua, VI klasean Doneztebeko Hodei Ariztegi kopilotua eta X klasean (FL) Arizkungo Julen Mendiberri pilotua eta Erratzuko Mairu Garisoain kopilotua. Eneko Mitxelenak junior mailako kopilotuen saria ere hartuko du.

Lur gaineko rallyei dagokienez, pilotuen lehen saria hartuko du Iñaki Ubiria lesakarrak eta kopilotuen bigaren saria Etxalarko Julen Maiak.

Mendiko rallyetan, monoplazetako pilotuen lehen saria Doneztebeko Andoni Blasentzat izanen da eta turismoetako pilotuen hirugarren saria Berako Joseba Beolarentzat. Eneko Mitxelenak junior mailako saria hartuko du.

Autocrosseko car cross dibisioan, Etxalarko Imanol Vicentek hartuko du lehen saria.

Slalomean, azkenik, turismoetan lehen saria Lesakako Joseba Lekuonak eskuratuko du eta bigarrena Sunbillako Inhar Amenabarrek eta monoplazetan, bigarren saria, Etxalarko Imanol Vicentek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun