Urte berriari ere indartsu ekin dio Beti Gazte sokatira taldeak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 8a, 17:00

Hamazazpi talde aritu ziren lehian igandean Berangoko jardunaldian.

Gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldian tiraldi guztiak irabazi zituzten lesakarrek Berangon eta emakumeen 500 kilokoan berdindu egin zuten Beti Gaztek eta Ibarrak

Euskal Herriko sokatira txapelketak segida du urtarrilean. Urtarrilaren 7an, igande goizean Berangon (Bizkaia), gizonezkoen 600 kiloko eta emakumeen 500 kiloko lehen jardunaldiak jokatu zituzten. Gizonezkoetan Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituzten eta emakumeetan, lehen postuan berdindu egin zuten Beti Gaztek eta Ibarrak. Amaiur hirugarren izan zen.

Gizonezkoen 600 kiloko kategorian, Beti Gaztek nagusitasunez irabazi zituen tiraldi guztiak eta 640 kilokoan bezala, lapurtarrak izan zituen gibeletik. Zuraide A bigarren izan zen, Ñapurrak  hirugarren, Abadiño (Bizkaia) laugarren, Amaiur bosgarren, Berriozar seigarren, Ibarra (Gipuzkoa) zazpigarren, Zuraide B zortzigarren, Txantrea bederatzigarren eta Murueta (Bizkaia) hamargarren.

Beti Gazteko gizonezkoek tiraldi guztiak irabazi zituzten Berangon.

 

Emakumeen 500 kiloko kategorian zazpi talde lehiatuko ziren eta berdintasun gehiago izan zen. Horren erakusgarri, lehen postuan berdindu egin zutela Beti Gaztek eta Ibarrak: elkarren artean tiraldi bana irabazi zuten eta gainerako guztiak irabazi. Amaiur hirugarren izan zen, bi lehenbizikoen kontra galdu eta bertze tiraldiak irabazita. Laugarren postuan berdindu egin zuten Txantreak eta Abadiñok. Badaiotz (Araba) seigarren izan zen eta Berriozar zazpigarren.

Beti Gazteko emakumeek Ibarrakoekin berdindu egin zuten lehen postuan Berangoko jardunaldian.

 

Igandeko jardunaldiaren ondotik, kategoria hauetako bigarren jardunaldia urtarrilaren 13an jokatuko dute Oiartzunen. Gizonezkoen finala urtarrilaren 20an jokatuko dute Gernikan eta emakumeena hilaren 27an Pobesen).

Aitzinetik, igande honetan, urtarrilaren 14an, txapelketa mistoko lehen jardunaldia jokatuko dute Lesakan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun