Beti Gazte Euskal Herriko ordezkari izanen da munduko sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 2a, 12:00

2023ko azken bi txapelak jantzi zituen Lesakako taldeak Donezteben eta Suediara joateko diru-bilketa kanpainarekin ere hasiak dira

Lesakako Beti Gazte sokatira taldeak ezin hobe bukatu zuen 2023. urtea. Euskal Herriko sokatira txapelketan, gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko txapelak jantzi zituen abenduaren 23an Donezteben eta, gisa honetara, otsailean Suedian jokatuko den munduko nazioarteko txapelketan Euskal Herria ordezkatzeko eskubidea ere irabazi zuen.

Emakumeen 540 kiloko kategorian, aitzineko bi jardunaldietan bezala, tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek eta txapela jantzi zuen. Ibarra (Gipuzkoa) eta Badaiotz (Araba) taldeek osatu zuten podiuma. Abadiño (Bizkaia) laugarren izan zen eta Amaiur bosgarren. Beti Gazteko zortzikotean Amaia Leiza, Karmele Pikabea, Udane Arbelaitz (Oiartzun), Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai (Bera), Maddalen Lopez, Ainhoa Ubiria eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Irantzu Goienetxe laguntzaile zutela.

Gizonezkoen finalean ere nagusi izan zen Beti Gazte eta Zuraide A eta Ñapurrak talde lapurtarrak izan zituen lagun podiumean. Abadiño laugarren izan zen, Amaiur bosgarren eta Ibarra seigarren. Beti Gazteko zortzikotean Karmelo Mitxelena, Mikel Apeztegia, Oskar Telletxea, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga, Iñigo Altzugarai, Eneko Saldias eta Julen Palenzuela aritu ziren tiran, Paskual Taberna entrenatzaile zutela.

Euskal Herriko sokatira txapelketak segida izanen du oraindik urtarrilean. gizonezkoen 600 kiloko txapelketa (urtarrilaren 7an Berangon, urtarrilaren 13an Oiartzunen eta finala urtarrilaren 20an Gernikan), emakumezkoen 500 kilokoa (urtarrilaren 7an Berangon, urtarrilaren 13an Oiartzunen eta finala hilaren 27an Pobesen), gizonezkoen 560 kilokoa (jardunaldi bakarra ilbeltzaren 27an Pobesen) eta txapelketa mistoa (lehen jardunaldia urtarrilaren 14an Lesakan eta finala urtarrilaren 21ean Araban) jokoan izanen dituzte eta, bukatzeko, 23 urtez beheitiko txapelketa ilbeltzaren 28an jokatuko dute Berriozarren.

Behin Euskal Herriko lanak bukatuta, otsailaren 8tik 11ra Suediako Helsinborg hirian jokatuko da munduko txapelketa.

Eltzeitsuak eta zozketa

Otsailean Suedian jokatuko den munduko sokatira txapelketara joan ahal izateko diru-bilketa kanpaina ere hasi du Beti Gazte sokatira taldeak. Alde batetik, nahi duenak borondatea uzteko  eltzeitsuak paratu dituzte Lesakan (Koxkila ostatua, Haizea kafetegia, Zantzonea ostatua, Izarra okindegia, Arrano ostatua, Txinelka zapata denda, Iturbena kafetegia eta Etxeberria ostatua), Igantzin (Estankoa), Etxalarren (Herriko Okindegia eta Herriko Ostatua) eta Beran (Errekalde ostatua).

Zozketa ere prestatu dute. Linddurrenborda sagardotegian bi lagunentzako otordua eta Otxuneko bi gazta zozketatuko dituzte. Txartelak Xagu liburu dendan, Izarra okindegian eta Telletxea estankoan eskura daitezke. Zozketa urtarrilaren 20an eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun