Bigarren urtez segidan Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa-Martiko Sari Nagusia irabazi du Xanti Uterga erremontista doneztebarrak. Abenduaren 21ean Iruñeko Labriten jokatutako finalean 30-21 irabazi zion Agoizko Mikel Otanori. Hasiera berdindua izan zuen partidak (hamar berdinketa izan ziren), baina bigarren zatian doneztebarraren maisutasuna nagusitu zen.
Jaialdi hunkigarria izan zen. Bildutako dirua Esklerosi Anizkoitzaren Nafarroako Elkartera zuzendu da. Gainera, omenaldia eskaini zitzaion Imanol Erviti txirrindulari ohiari, bere ibilbide oparoa gogoratuz. Ervitik finaleko txapa bota zuen airera. Finalaren aitzinetik jokatutako partidan, Jon Sagaseta iruritarrak eta Aimar Saldias oiztarrak 35-32 irabazi zieten Oses eta Ioni.