ERRAN.EUSeko testuen irakurgailu automatikoak hainbat aukera eta erraztasun ekarriko dizkie gure erabiltzaileei

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 23a, 07:30

Testuak ahots bihurtzeko garapen teknologikoa dagoeneko eskura dugu ERRAN.EUSen, Elhuyarrek eta Orai NLP Teknologia enpresak garatutako tresnari esker. Hobekuntza teknologiko horri esker, aurrerantzean, beti egin dugun bezala testuak norberak irakurri ahal izanen ditu edo, nahiago bada, goiko barran ageri den botoiari emanda, makinak irakurriko ditu guretzat ahots sintesiari esker.

Tokikom-eko plataforma erabiltzen dugun webgune guztietan erabilgarri

Elhuyarrekin batera, TokiHoTTS izeneko adimen artifizialeko sistema bat garatu du Tokikom-ek, webguneko pantailan agertzen den testua ozen irakurtzeko gauza dena, ahots sintetiko baten bidez. Ahots hori entrenatzeko Tokikom-eko hainbat hedabideetako kazetarien ahotsak erabili dira.

TTS barra artikuluen gainaldean

Tituluaren gainean ikusiko duzuen barra horrek aukera ematen du TTS (text-to-speech) teknologia bidez sortutako ahotsak erabilita artikuluan dauden testuak irakurtzeko. Ahots sintetikoak algoritmo neuronalak erabiltzen ditu gizakiaren ahotsa diruditen kalitate oneko hotsak sortzeko.

Abantailak eta aukerak

Garapen honek hainbat aukerari eta abantailari ateak irekitzen dizkio: podcast-ak sartzeko aukera konparaziora, ezgaitasun bat dutenei gauzak errazten dizkie edo, bertzerik gabe, artikulu bat begiratu eta irakurri ezin denean, botoiari eman eta gure kazetariek idatzitakoa patxadan entzuteko modua izanen dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun