Arkupeak elkarteko 50 bazkide La Palman izan dira

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 19a, 16:00

Arkupeak elkarteko 50 bazkideak La Palmara egindako bidaian.

Urteko azken bidaia Kanaria uharteetako La Palmara egin dute Arkupeak elkarteko kideek. 50 bazkide izan ziren bertan azaroaren 14tik 21era. Egonaldian eguzkiaz, itsasoa eta tenperatura epelaz gozatzeaz gain, irlako hainbat txoko ezagutzeko ateraldiak ere egin zituzten.

Lehenengo ateraldia La Palmako hiriburua den Santa Cruz ingurura egin zuten. Hasteko, Mirador de la Concepcionera igo ziren. Ondotik, Virgen de las Nieves ermitara joan ziren eta handik hiriburura joan ziren.

Hurrengo irteera irlaren mendebaldera egin zuten. 2021eko irailean erupzioan hasi zen Tajogaite sumendira hurbildu ziren. Bertan, hurbiletik ikusi ahal izan zuten sumendiak 85 egunez eragindako txikizioa. Ondotik, El Paso herrian geldialdia egin zuten eta Caldera de Taburiente natur parkeko La Cumbrecita mendira joan ziren.

Hirugarren irteera hegoaldera egin zuten. Han ere sumendiak ikusteko aukera izan zuten. Lehenengo, 1677. urtean lehertu zen San Antonio sumendia ikusi zuten eta gero duela 51 lehertu zen Teneguía sumendiak. Bertan mahastiak eta platano arbolak ere badaude eta horiek ikusi zituzten.

Azken irteera, aldiz, iparraldera egin zuten. Bertan ordura arte ikusitakoarekin alderatuta, paisaia aski desberdinak ikusi zituzten. Errepide estu eta aldapatsuak gurutzatu ondotik, Los Tilos ur jauzira ailegatu ziren. Handik San Andres eta Sauces herrietara joan ziren eta platano landareak hurbiletik ikusi zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun