Euskal Herriko sokatira txapelketan gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko kategorietako bigarren jardunaldia jokatu zuten larunbatean Busturian (Bizkaia). Elizondon jokatu zen kategoria hauetako lehen jardunaldian bezala, Beti Gazteko zortzikoteek tiraldi guztiak irabazi zituzten eta abenduaren 23an, larunbatean Donezteben jokatuko diren finaletarako faborito izanen dira.
Emakumezkoetan tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek, 5 puntu eskuratuz.
Elizondon bezala, Ibarra bigarren izan zen (4 puntu). Hirugarren Badaiotz izan zen (3 puntu), Abadiño laugarren (2 puntu) eta Amaiur bosgarren (puntu 1). Bi jardunaldiak kontuan hartuz, Beti Gaztek 10 puntu ditu, Ibarrak 8 eta Amaiurrek, Badaiotzek eta Abadiñok launa. Emakumeen kasuan, puntuazio hau garrantzitsua da, txapelaren jokoan hiru jardunaldietako puntuak kontuan hartuko baitira. Beraz, Beti Gaztek edo Ibarrak bakarrik eskura dezakete txapela.
Beti Gazteko gizonezkoek ere tiraldi guztiak irabazi zituzten Busturian.
Bigarren postuan berdindu egin zuten Zuraide A eta Ezpeletako Ñapurrak taldeek. Laugarren Abadiño izan zen, bosgarren Amaiur, seigarren Ibarra, zazpigarren Murueta eta zortzigarren Zuraide B. Gizonezkoen kasuan, sei lehenbiziko taldeak sailkatu dira Donezteben jokatuko den finalerako: Beti Gazte, Zuraide A, Ñapurrak, Abadiño, Amaiur eta Ibarra. Hauek zerotik hasiko dira, bi jardunaldietako puntuazioa kontuan hartu gabe.