Oiztarrak nagusitu dira Nafarroako 24. Paxaka txapelketaren finalean

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 18a, 14:00
24. Paxaka txapelketako lau hirukote onenak, Tiburtzio Arraztoa, Javier Conde, Rober Irigoien eta Sara Dorregarairekin. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Zelaieta, Bereau eta Zelaietak 9-3 irabazi zieten J. Sagaseta, M. Sagaseta eta Maia baztandarrei, igandean Iruritako Aranabian jokatutako finalean

Laxoa Elkarteak antolatutako Nafarroako paxaka txapelketaren 24. edizioko finala jokatu zuten igandean Iruritako Aranabian eta pronostikoak betez, lehen fasean nagusi izan ziren Oizko Ioritz Zelaieta, Iker Bereau eta Laurendi Zelaietak ez zieten aukerarik eman Jon Sagaseta (Gorka Urtasunen partez), Mikel Sagaseta (Irurita) eta Juan Mari Maiari (Elizondo). Baztandarrek lehen jokoa egin bazuten ere, oiztarrak 9-3 nagusitu ziren.

Sareko jokoa paxaka txapelketaren finalean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Berdintasun handiagoa izan zen hirugarren posturako partidan. Jon Apeztegiak (Doneztebe), Mikel Telletxeak (Doneztebe) eta Ugutz Zelaietak (Oiz) 9-6 irabazi zieten Manu Irigoien (Erratzu), Egoitz Prim (Irurita) eta Kaiet Itoizi (Erratzu).

Sari banaketan izan ziren Javier Conde, Nafarroako Pilota Federazioko presidentea; Rober Irigoien eta Sara Dorregarai, Iruritako alkate eta alkateordea eta Laxoa Elkarteko ordezkariak.

Oiztarra zabaletik pilota biltzen. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun