Ados elkartearen binakako pilota txapelketa abenduaren 16an abiatuko da Latasan

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 15a, 11:00
Ados pilota elkartearen eskuz binakakoan parte hartuko duten pilotari gehienak izan ziren Antzuolako aurkezpenean.

Zazpi bikote ariko dira lehen mailan eta lau promozio mailan, apirilaren 21ean Antzuolan jokatuko diren finaletarako txartelen bila, Maite Ruiz de Larramendi beteranaren hondarreko denboraldian

Antzuolako Olaran etxean egin zuten abenduaren 14an Ados pilota elkarteak antolatutako binakako txapelketaren aurkezpena. Inoiz baina indar handiagoz itzuli direla agerian utzi dute. Izan ere, emakumeen pilotan inoiz jokatu den txapelketarik luzeena izanen da aurtengoa promozio mailan zortzi pilotarik eta lehen mailan hamalau pilotarik jokatuko dutena. Bi mailetan joan etorriko ligan, orotora, 58 partidu jokatuko baitira abenduaren 16an Latasan hasi eta apirilaren 21ean Antzuolan jokatuko diren finalak bitarte. Tartean, Beran, Sunbillan eta Elizondon ere jokatuko dituzte jardunaldiak.

Promozio mailan Aranburu-Arrastia, Ibarrola-Nahia Bertiz sunbildarra, N. Galeano-Perez eta Oskoz-Sotil bikoteak ariko dira. Lehen mailan, berriz, Barrokal-Agirre, Aldaregia-Ruiz Larramendi, Ruiz de Infante-Galeano, Goiuri Zabaleta leitzarra-Galeano, Naroa Elizalde Etxekolonea zubietarra-Mendiburu, Arrieta-Mujika eta Iera Agirre Iturriaga leitzarra-Orbegozo. Liga fasea bukatuta, apirilaren 7an, Iruñeko Labriten eta apirilaren 13an Biarritzen jokatuko diren finalerdietan erabakiko da Antzuolan apirilaren 21ean jokatuko den final handia. 

Txapelketako lehen jardunaldia abenduaren 16an, larunbatean 18:00etan hasita jokatuko dute Latasan. Promozio mailan, Ibarrola eta Bertiz, Aranburu eta Arrastiaren kontra ariko dira eta lehen mailako txapelketako partidan, Aldaregia eta Olatz Ruiz de Larramendi, Infante eta Leire Galeanoren kontra ariko dira.

 

Antzuolak iaz hartu zuen aurtengo final handia bertan jokatzearen testigua. Honen harira bertako alkate den Olatz Lezetak berdintasunaren bidean horrelako ekimenak bultzatzearen garrantzia azpimarratu zuen ortzeguneko aurkezpenean, beste behin Ados Pilota elkarteak arlo horretan egiten duen lana eskertuz. 

Horrelako txapelketa garrantzitsu bat aurrera ateratzeko ezinbestekoa da Ados Pilota babesten duten enpresen aportazioa eta aurten horretan ere urrats garrantzitsua eman du elkarteak inoiz baina babes handiagoa lortuz. Gainera ekonomikoki ez ezik, azpiegiturak indartuz ere bereziki komunikazio arloan, Berria,  Izarkom eta Hamaika telebistarekin egindako hitzarmenari esker txapelketak jarraipen zabala izanen du.. 

Partidu guztiak Ados pilotaren youtubeko kanalean zuzenean eskainiko dituzte, Hamaika telebistak astelehenetan bere Joko zelaia programan eskainiko ditu eta finalerdiak nahiz final handia zuzenean emanen ditu. 

 

Maite Ruiz de Larramendiren agurra

Txapelketa berezi eta garrantzitsua ezbairik gabe baina are eta bereziagoa Maite Ruiz de Larramendi Mujika pilotari beteranoak aurkezpenean eman zuen berriarekin. Emozio malkoei ezin eutsiz iragarri zuen aurtengoa izango dela pilotan jokatuko duen azken denboraldia. Emakumeen pilotan hizki larriz historia egin duen pilotaria denboraldia bukatzearekin batera agurtuko baita. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun