2025eko maiatzaren 15etik 25era eginen dute Euskaraldiaren laugarren edizioa

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 16a, 12:00

Bingen Zupiria, Goiatz Urkijo, Irati Iciar eta Javier Arakama Euskaraldiaren laugarren aldiaren aurkezpenean.

Euskaraldiaren hiru edizio egin dituzte jada eta aste honetan jakinarazi dute laugarrena, 2025eko maiatzaren 15etik 25era eginen dutela. Udazkenetik udaberrira aldatu dute, beraz.

Ortzegunean aurkeztu zuten Euskaraldiaren aldi berria Donostian egindako ekitaldian. Bertan nabarmendu zuten ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitzeko lan egin dutela antolatzaileek. Hain zuzen, hausnarketa horien ondorioz erabaki dute udazkenetik udaberrira aldatzea euskararen aldeko ariketa.

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak nabarmendu du «Euskaraldia eraginkorra dela, eta aldaketak ekartzen dituela erakusten dutela iturri ezberdinetatik jasotako mezuek zein ondorioek». 

Eraginkortasun horretan sakontzeko aldatu dute aldaketa udaberrira urte sasoi horretan karrikan jende gehiago eta bizitasun handiagoa egoten direlako. Garai aldaketak txaparen erabileran eta ikusgarritasunen eragitea lortu nahi dute antolatzaileek, txapa ezinbertzeko elementua delako «eta txapa soinean eraman eta ikusgarri egitea errazagoa izango delako udaberriak».

«Euskaraldia eraginkorra da»

Aurkezpenean nabarmendu zutenez, Euskaraldiaren hiru edizioen inguruan egin diren ikerketak «argi erakutsi dute Euskal Herri osoan «milaka eta milaka» herritarrek beren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskarazko jauzia eman dutela Euskaraldiari esker»

Hirugarren edizioaren ikerketak erakutsi du, bertzeak bertze: parte hartzaileen artean euskaraz zekitenekin uneoro euskaraz egiten zutenak % 63,9 ziren ariketaren aitzinetik, eta %78,9 ariketa amaitu ondotik, ariketan zehar proportzioa % 85,9ra iritsi zelarik. «Beraz, euskararen erabilera altuagoa da Euskaraldian parte hartu ondoren, aurretik baino», azpimarratu du  Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. «Euskaraldi bakoitzean euskararen erabileran irabaziak eta lorpen praktikoak erdietsi dira. Hori dela-eta, Euskaraldi gehiago egitea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, eta euskararen biziberritze-prozesuarentzat guztiz lagungarria da ariketa».

Arantzako herritarrak 2022an Euskaraldiaren hirugarren edizioari babesa emateko egindako argazkian.

Partaidetza zabala duen ariketa

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren erranetan, Euskaraldiak adostasun handia biltzen du, eta hori da duen indargunerik nagusienetako bat. Esparru aunitzetan ikuspegi desberdinak izan ditzaketen pertsonak edo erakundeak biltzen dira Euskaraldian. «Bateratasun horrek indar biderkatzailea du, eta euskararengandik urrun dagoen asko erakartzeko balio du; horrek ere, hein handi batean, egiten du eraginkor ariketa, indar metaketa, gutxinaka aurrera pausoak ematea, hizkuntza-ohiturak denen laguntzarekin aldatzea».

Javier Arakama Euskarabideako zuzendari kudeatzailek azaldu du «Euskaraldia ez dela euskarak dituen behar eta gaitz guztien sendagailua». Era berean, ariketak hausnarketarako eta eztabaidarako aukerak eta aitzakiak ere ugaltzen dituela nabarmendu du: euskararen gaiak agenda sozial, politiko eta komunikatiboan lehentasunezko lekua hartzen du ariketaren ingurumarian. «Herritarren artean ere, hizkuntzaren gaiak ohikoa baino presentzia handiagoa hartzen du: lorpenez eta zailtasunez, ikusitako aurrerapauso eta inkoherentziez, ilusioez eta kezkez aritzeko». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun