Larunbat honetan osatuko dituzte Arantzako, Eratsungo eta Zubietako udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 15a, 12:00

Arantzan EH Bilduko Xatur Larralde Ibarrolak hartuko du alkatearen aginte makila, Eratsunen Pausoz Pauso taldeko Nagore Eskudero Baleztenak eta Zubietan Herriko Taldeko Ernesto Dominguez Oleak. Hiru herrietan goizean eginen dituzte udalak osatzeko batzarrak.

Zubietan 09:00etan

Zubietan izanen dira udalak osatzen goiztiarrenak. 09:00etan egin dute hitzordua eta hantxe berretsiko du 2015etik Zubietako alkatea den Ernesto Dominguez Oleak kargua. Berarekin batera, Herriko Taldeko Ezekiel Loiarte Santestebanek, Martxel Elizalde Elizaldek, Ainhoa Mindegia Santestebanek, Periko Hilario Santesteban Loiartek eta Txomin Hualde Elizaldek hartuko dute kargua. Aulki Zuriak taldeak zinegotzi bat lortzeko adina boto lortu zuen hauteskundeetan Zubietan, baina kargurik ez duela hartuko errana du.

Arantzan 10:00etan

Arantzan eginen dute udalak osatzeko hurrengo bilera, 10:00etan. Azken lau urteotan alkate izan den EH Bilduko Dabid Iturria Almandozen lekukoa hartuz, talde bereko Xatur Larralde Ibarrolaren esku geldituko da alkatetza. Azaroko hauteskundeetan Arantzan EH Bilduk zazpi ordezkariak lortu zituen eta hala, Larralderekin batera, Leire Mitxelena Gamiok, Igor Ugalde Salazarrek, Ana Maeztu Villanuevak, Andoni Mitxelena Danborienak, Itziar Arozena Bergarak eta Julen Oskoz Elizondok hartuko dute kargua. Aulki Zuriak taldeak lau boto baino ez zituen lortu Arantzan.

Eratsunen 11:00etan

Eratsunen, berriz, 11:00etan eginen dute batzarra. Pausoz Pauso taldeak gidatuko du ondoko lau urteetan udalbatza. Horien artean, alkatearen aginte makila Nagore Eskudero Baleztenak hartuko du eta berarekin batera, Raquel Telletxea Santesteban, Ana Isabel Mariezkurrena Murgia, Nekane Bendoiro Urroz eta Patxi Mariezkurrena Deskarga izanen dira zinegotziak. Kasu honetan, Saiatu taldeko kideak ordezkaririk gabe gelditu dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun