Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa-Martiko 2023 Sari Nagusia jokatuko dute lau erremontistak egunotan. Abenduaren 12an egin zuten txapelketaren aurkezpena Beran, babesle nagusia den Martiko enpresan. Xanti Uterga eta Eloy Otxandorena doneztebarrak, Ion eta Otano ariko dira txapelketan.
Abenduaren 16an, larunbatean 18:00etan Irunberrin jokatuko dira bi finalaurrekoak.
Lehenbizikoan Ion eta Otano izanen dira aurrez aurre eta bigarrenean bi doneztebarrak, Xanti Uterga eta Eloy Otxandorena ariko dira. Irabazleek abenduaren 21ean, datorren ortzegunean 18:30ean hasita jokatuko dute finala Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Final horren atarian Euskal Jai erremonte fundazioak omenaldia eskainiko dio berriki profesional izateari utzi dion Imanol Erviti txirrindulari nafarrari. Jaialdietan lortzen den dirua Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari emanen zaio.