Nafarroako 24. Paxaka txapelketak baditu finalistak

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 11a, 18:00

Finalak jendetza erakarriko du aurten ere Iruritako Aranabia pilotalekura.

Oizko Zelaieta, Bereau eta Zelaietak, Baztango Urtasun, Sagaseta eta Maia izanen dituzte arerio

Laxoa Elkarteak antolatutako Nafarroako paxaka txapelketaren 24. edizioak baditu finalistak. Ligaxkako lau lehenbiziko hirukoteek abenduaren 10ean, igandean jokatu dituzte finalerdiak eta heldu den astean jokatuko den finala erabakia gelditu da.

Lehenbiziko finalerdian izan zen ezustekoa eta hasierako fasean lehenbizikoa sailkatu ziren Jon Apeztegiak (Doneztebe), Mikel Telletxeak (Doneztebe) eta Ugutz Zelaietak (Oiz) 5-9 galdu zuten laugarren izandako Gorka Urtasunen (Irurita), Mikel Sagasetaren (Irurita) eta Juan Mari Maiaren (Elizondo) kontra. Bigarren finalerdian, bigarren izandako Ioritz Zelaieta, Iker Bereau eta Laurendi Zelaieta oiztarrek 9-5 irabazi zieten hirugarren izandako Manu Irigoien (Erratzu), Egoitz Prim (Irurita) eta Kaiet Itoizi (Erratzu).

Beraz, oiztarren eta baztandarren arteko finala jokatuko dute heldu den astean, oraindik erabaki gabeko datan: Ioritz Zelaieta, Iker Bereau eta Laurendi Zelaieta oiztarrak, Gorka Urtasun eta Mikel Sagaseta iruritarren eta Juan Mari Maia elizondoarraren kontra.

Hirugarren posturako lehian ere Malerreka eta Baztango pilotariak izanen dira aurrez aurre: Jon Apeztegia eta Mikel Telletxea doneztebarrak eta Ugutz Zelaieta oiztarrak, Manu Irigoien eta Kaiet Itoiz erratzuarrak eta Egoitz Prim iruritarra izanen dituzte arerio.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun