Otanok eta Otxandorenak lortu dute buruz buruko Eguberrietako erremonte txapelketarako txartela

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 11a, 16:00

Mitxeo, Otxandorena eta Saldias erremontistak Donezteben larunbatean, Insausti epailearekin batera. Otxandorenak lortu zuen Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketarako txartela.

Agoitzen eta Donezteben jokatutako kanporaketen ondotik, abenduaren 12an eginen dute txapelketaren aurkezpena Beran, Martikoren egoitzan

Abenduaren 8an eta 9an jokatu dituzte Agoitzen eta Donezteben Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa-Martiko 2023 Sari Nagusia jokatzeko eskubidea ematen zuten hiruko partidak. Jaialdi bakoitzean hiru erremontista aritu ziren eta horietako bakoitzeko irabazleak lortu du txartela: Otanok Agoitzen eta Eloy Otxandorenak Donezteben. Txapelketa abenduaren 12an aurkeztuko dute Beran, Martikoren egoitzan.

Agoitzen jokatutako hiruko partidan Otanok bere bi arerioak erraz menperatu zituen: 20-11 irabazi zion Iruritako Jon Sagasetari eta 20-10 irabazi zion Barricarti. Barricart eta Sagasetaren arteko lehian Agoizkoak 20-11 irabazi zion iruritarrari.

Barricart, Jon Sagaseta iruritarra eta Otano ortziralean Agoitzen, Insausti epailearekin batera.

 

Doneztebeko jaialdian, berriz, Eloy Otxandorena doneztebarrak 20-17 irabazi ziom David Mitxeo herritarrari eta emaitza berbera errepikatu zuen Aimar Saldias oiztarraren kontra. Hirugarren partidan ere, 20-17 irabazi dio Mitxeok Saldiasi.

Eguberrietako buruz buruko erremonte profesionaleko txapelketa-Martiko Sari Nagusia 2023 abenduaren 12an, asteartean aurkeztuko dute Beran, Martikoren egoitzan eta Otano eta Otxandorenarekin batera txapelketa jokatuko duten erremontistak, datak eta pilotalekuak ezagutzera emanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun