Emakumezkoetan Ainhoa Etxegarai Elgorriaga beratarra izan zen eskualdeko ordezkari bakarra, Nafarroako eta Euskal Herriko iazko txapelduna. Zazpi minutu eta 28 segundo behar izan zituen 50 koxkorrak biltzeko eta bigarren sailkatuari 38 segundoko tartea atera zion. Bere gibeletik Estibaliz Messeguer, Nerea Huarte, Amaia Jimenez, Irantzu Onaindia eta Ane San Pedro sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Gizonezkoetan ere Unai Iantzi Maritorena aniztarra aise gailendu zen. Bera zen Nafarroako eta Euskal Herriko azken txapelduna eta aurtengo txapela ere berak jantzi du. Sei minutu eta hamabortz segundoz bukatu zituen 50 koxkor biltzeko lanak, bigarren sailkatu zen Aitor Blancori 35 segundoko aldea aterata. Haien ondotik Aritz Martin, Jon Larrañaga, Jon Vegas, Patrik Saitua eta Guillermo Lopez gelditu ziren.