EuskarAbentura

2024ko EuskarAbentura espedizioan parte hartzeko hautagaitzak bidaltzeko epea zabalik dago

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 10a, 09:30

Abenduaren 1ean zabaldu zen 2024ko EuskarAbentura Espedizioan parte hartzeko hautagaitzak bidaltzeko epea. Zehazki, 2007 eta 2008 urteetan sortu den Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldun orok martxoaren 8ra arteko epea du aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidaltzeko.

2024ko uztailaren 1etik 31ra 120 gazte euskaldunek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez eta euskaraz, EuskarAbentura Espedizioarekin. Espedizioaren 5. ediziorako izen-emate epea 2023ko abenduaren 1ean zabaldu zen eta Euskal Herriko zein diasporako 16-17 urteko gazte euskaldun guztiek 2024ko martxoaren 8ra arteko epea (eguna barne) dute hautagaitza aurkezteko. Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideo labur bat eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte, aurten proposatzen diren hiru gaien eta hemen segidan zerrendatzen diren formatu hauen artean aukeratuz:

Aurten hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran:

  • Euskara batua eta euskalkiak: Euskaldunek euskara batua onartu dutela eta zilegitasuna eman diotela uste al duzu? Euskara batuak euskalkiak zapaltzen edota baztertzen dituela uste duzu? Edo alderantziz, euskalkiek prestigio gehiago dutela esango zenuke? Antagonikoak al dira?
  • Utopia: Nola irudikatzen duzu etorkizuna? Mundu horretako zein elementu ditugu gaur egun eta zeintzuk aldatu dira? Zer egin behar dugu mundu perfektu bat egikaritzeko?
  • Emakumeak eta kirola: Kirolaren esparruan parekotasunik ba al dago emakume eta gizonezkoen artean? Emakumeek mutilek adina kirol egiten dutela esango zenuke? Kasualitatea al da hori?

Hautagaitzak aurkezteko webgunetik egin beharko da (www.euskarabentura.eus).

Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko dituzte eta apirilean 120 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute. Espedizio taldeko kideak hautatzeko nagusiki proiektuaren balorazioa hartuko dute kontuan, baina baita gazteen jatorria, generoa eta agertzen duten motibazioa ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun