Euskal Herriko lokotx biltze txapelketak abenduaren 6an jokatuko dituzte Mungian

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 5a, 13:00

Ainhoa Etxegarai beratarra da gaur egungo Euskal Herriko txapelduna eta txapelari eusten saiatuko da asteazken eguerdian Mungian.

Emakumezkoetan Ainhoa Etxegarai beratarra eta gizonezkoetan Unai Iantzi aniztarra, gaur egungo txapeldunak, izanen dira eskualdeko ordezkariak

Euskal Herriko lokotx biltze txapelketa jokatuko dute abenduaren 6an, asteazkenean 12:00etan hasita Mungiako pilotalekuan (Bizkaia). Gaur egungo txapeldunak Ainhoa Etxegarai beratarra eta Unai Iantzi aniztarra dira eta txapelari eusten saiatuko dira.

Emakumezkoetan, Ainhoa Etxegarai Elgorriaga beratarra, Nafarroako eta Euskal Herriko azken txapelduna izanen da eskualdeko ordezkaria, berriz ere txapela janzteko gogotsu. Berarekin batera Nerea Huarte, Estibaliz Messeguer, Irantzu Onaindia, Ane San Pedro eta Amaia Jimenez lehiatuko dira.

Gizonezkoetan, berriz, Unai Iantzi Maritorena aniztarra izanen da eskualdeko ordezkari, hau ere Nafarroako eta Euskal Herriko azken txapelduna. Berarekin batera, Aitor Blanco, Aritz Martin, Patrik Saitua, Jon Vegas, Guillermo Lopez, Jon Larrañaga eta Mikel Osoro ariko dira. Ohi bezala, emakumezkoek nahiz gizonezkoek 50 lokotxak ahal bezain agudo bildu beharko dituzte saskira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun