Euskal Herriko sokatira txapelketako bigarren jardunaldia Elizondon jokatuko dute igande goizean

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 1a, 19:00

Amaiurko 540 kiloko taldea joan den urteko Euskal Herriko txapelketan.

Gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko lehen saioa izanen da eta bietan Amaiur eta Beti Gazte lehiatuko dira

Ezpeletan lehen txapela Lesakako Beti Gaztek irabazi ondotik, Elizondon jokatuko dute Euskal Herriko sokatira txapelketako bigarren jardunaldia abenduaren 3an, igandean 11:30ean hasita. Hain zuzen, gizonezkoen 640 kiloko eta emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute Elizondon.

Kategoria hauetako bigarren jardunaldia Busturian jokatuko dute abenduaren 16an eta finalak abenduaren 23an Donezteben. Kategoria hauetan, emakumezkoetan, bortz talde lehiatuko dira: Amaiur, Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz eta Ibarra. Gizonezkoetan, berriz, Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Abadiño, Ibarra, Murueta, Ñapurrak eta Zuraide A eta B ariko dira.

2024an txapel gehiago

2024an sartuta, gizonezkoen 600 kiloko eta 560 kiloko txapelak, emakumezkoen 500 kilokoa eta txapelketa mistoa (lehen jardunaldia urtarrilaren 14an Lesakan) jokoan izanen dituzte eta bukatzeko, 23 urtez beheitiko txapelketa.

Behin Euskal Herriko lanak bukatuta, otsailaren 8tik 11ra Suediako Helsinborg hirian jokatuko da munduko txapelketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun