Azaroaren 25ean jokatu zen Doneztebeko Erreka elkarteak bigarren aldiz antolatutako Bortz Kirol txapelketako lehen faseko azken jardunaldia eta bertan erabaki ziren finalerdietako protagonistak zein izanen diren.
Lehenbiziko partidan, B multzoko lidergoa jokoan zuten David Albiasu narbartearrak eta Anoetako Aratz Luixak. Lehen bi jokamoldetan, xaren eta joko garbi, gipuzkoarra nagusitu zen (12-5 eta 12-3), baina ondoko hirutan narbartearra jaun eta jabe izan zen (eskularruarekin 12-1, paletarekin 12-5 eta eskuarekin 12-6). Honela, guztira 44-36 nagusitu zen Albiasu eta multzo buru bera izan da. Bigarren Luixa izan da.
Bigarren norgehiagokan ez zen halako berdintasunik izan eta Eiherelarreko Jerome Karrikaburuk aurten ere txaela janzteko faborito nagusia dela erakutsi zuen bertze behin. Bortz jokamoldetan nagusitu zitzaion Imanol de Rueda doneztebarrari (12-0 xaren, 12-2 joko garbin, 12-5 eskularruarekin, 12-6 paletaz eta 12-6 eskuz).
Aipatu bezala, abenduaren 10ean jokatuko dituzte, beraz, finalerdiak: David Albiasu eta David Mitxeo izanen dira aurrez aurre lehenbizikoan eta Jerome Karrikaburu eta Aratz Luixa bigarrenean. Finalerdietako irabazleek abenduaren 16an jokatuko dute finala.