Lesakarren gibeletik Lapurdiko bi taldeak igo ziren podiumera: etxeko taldea, Ezpeletako Ñapurrak bigarren izan zen eta Zuraide A hirugarren. Ondotik sailkatu ziren Amaiur laugarren, Abadiño bosgarren eta Zuraide B seigarren.
Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Ander Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Mikel Apeztegia, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga eta Julen Palenzuela aritu ziren tiran, Oskar Telletxea entrenatzaile eta Iñigo Altzugarai laguntzaile zituztela.
Bigarren jardunaldia Elizondon
Ezpeletan lehen txapela eman ondotik, Elizondon jokatuko dute Euskal Herriko sokatira txapelketako bigarren jardunaldia abenduaren 3an. Hain zuzen, gizonezkoen 640 kiloko eta emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute Elizondon. Kategoria hauetako bigarren jardunaldia Busturian jokatuko dute abenduaren 16an eta finalak abenduaren 23an Donezteben. Kategoria hauetan, emakumezkoetan, bortz talde lehiatuko dira: Amaiur, Beti Gazte, Abadiño, Badaioz eta Ibarra. Gizonezkoetan, berriz, Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Abadiño, Ibarra, Murueta, Ñapurrak eta Zuraide A eta B ariko dira.
2024an txapel gehiago
2024an sartuta, gizonezkoen 600 kiloko eta 560 kiloko txapelak, emakumezkoen 500 kilokoa eta txapelketa mistoa (lehen jardunaldia urtarrilaren 14an Lesakan) jokoan izanen dituzte eta bukatzeko, 23 urtez beheitiko txapelketa.
Behin Euskal Herriko lanak bukatuta, otsailaren 8tik 11ra Suediako Helsinborg hirian jokatuko da munduko txapelketa.